Zenbait azpiegitura handitarako proiektu babestu zituzten herenegun Donostiako Udalbatzako zinegotzi gehienek —PSE-EEk, PPk eta EAJk—. AHT abiadura handiko trena, Donostia aldeko metroa, autobus geltokia, kartzela berria eta Zubietako errauste planta, besteak beste. Bilduko udal gobernuak, berriz, oposizioaren iritziak ez duela ezertara behartzen eta udalak ez duela zertan horri jarraitu argitu zuen atzo.
Adierazpen instituzionala udalbatzaren borondatearen isla baino ez dela argitu zuen, bestalde, Etxebizitza eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek.Oposizioaren ikuspuntua aintzat hartu behar dutela aitortu zuen arren, kolokan jarri zuen zinegotziak zenbait azpiegitura handiren bideragarritasuna: «Egoera ekonomikoak erabat baldintzatuko ditu aurreikusten ziren zenbait proiektu». Bilduk egitasmo horiek ez dituela lehenetsiko ere esan zuen: «Proiektu horiei baiezkoa emateak beste hainbati uko egitea dakar».
Gogor kritikatu zuen PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok Bilduren jokabidea: «Proiektuok gogoko ez baditu, proposa dezala alternatibaren bat. Ez da posible geldi egotea; arazoak konpontzeko eman digute botoa hiritarrek». AHTaren Gipuzkoako zatia 2016rako amaitzea erabakigarritzat jo zuten PSEk, PPk eta EAJk, eta salgai trenak ez liratekeela hiriaren erdigunetik igaro beharko adierazi zuten hirurek.
Bilduk babesten dituen egitasmoen artean legoke, esaterako, Loiolako kuartelen lurrak berreskuratzea eta babes ofizialeko etxeak eraikitzeko baliatzea. Eta horretan bai, adostasuna agertu zuten udalbatza osatzen duten lau alderdiek. Hala, Espainiako Defentsa Ministerioarekin elkarrizketei eutsi behar zaiela ondorioztatu zuten, hartara hiriaren etxebizitza beharrari erantzuteko.
Errauste planta, kolokan
Proiektu handi horietako baten gaineko kezka erakutsi zuen atzo, hain justu, Txingudiko Mankomunitateko lehendakari Jose Antonio Santanok; errauste plantaren aitorkizunaren gainekoa, alegia. Bildu koalizioa «haren diskurtsoak harrapatuta» ikusten du horrek, eta ezinegona eragiten dio Gipuzkoako zaborren kudeaketak har lezakeen norabideak. Haren ustetan, lurraldearen arazorik «larriena» da zaborren kudeaketa, eta berandu baino lehen heldu beharko zaio horri ere. Hari berari egin zion tira mankomunitateko lehendakariorde Aitor Kerejetak ere. «Ekuazioan ezerk huts egiten» duela iruditzen zaio hari: «Nola da posible zabortegiak itxi eta errauste planta ez eraikitzea?». Foru Aldundiko agintariei astia eman behar zaien arren kudeaketari ekin eta erabakiak hartzeko tenorean daudela adierazi zuen hark.
Donostiako udalbatza, azpiegitura handien alde
Udal gobernuak esan du ez dela bete beharrekoa udalbatzarrean AHTaz, metroaz eta errauste plantaz adostutakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu