Donostiako Viralgen enpresa koronabirusaren aurkako txertoa produzitzen hasiko da

Uda ondotik hasiko dira txertoaren entsegu klinikoa egiten, eta datorren urterako espero du enpresak txertoa produzitzen hastea. 

Ikerlari batzuk koronabirusaren aurkako txertoa ikertzen. SEBASTIAO MOREIRA, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 28a
16:21
Entzun

Donostiako Viralgen Vector Core enpresa koronabirusaren aurkako txertoa egiten hasiko da. Massachusettseko General Brigham ospitaleak (MGB) eta Harvard Unibertsitateak garatu dute txertoa, eta Donostiako enpresa hori izango da Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo txertoa ekoitziko duen enpresa bakarra. 

Viralgen enpresa Pro10 teknologiaren jabe da, eta horri esker lortu du txertoa ekoizteko kontratua. Birus adenoasoziatuen bolumen handiak denbora laburrean ekoizteko aukera ematen du Pro 10 teknologiak, baita COVID-19a eragiten duen birusaren aldaketetara egokitzekoa ere.

Viralgenen espezialitatea birus bektore adenoasoziatuak sortzea da, eta hortik etorri zaio orain txertoa produzitzen hasteko aukera. Massachusettseko General Brigham erietxea garatzen ari den txerto esperimentalak bektore adenoasoziatuak erabiltzen baititu SARS-Cov-2 birusaren S genea entregatu eta gaixotasun arraro monogenikoak tratatzeko. 

Javier Garcia Viralgeneko zuzendari nagusiak Eferi aurreratu dionez, oraindik ezin dute zehaztu zenbat txerto sortuko dituzten; hala ere, nabarmendu du «milioika dosi» izango direla. Entsegu klinikoak udatik aitzinera egitea aurreikusten du Garciak, eta txertoa 2021erako produzitzen hastea. Egun, 85 adituk egiten dute lan Viralgenek Miramonen duen egoitzan. Gainera, 2021 bukerarako aurreikusten dute enpresaren planta berria irekitzea.  

Eusko Jaurlaritza ere proiektuaren parte da, eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak nabarmendu du aukera ona dela I+Garen aldeko apostua egiteko. «Euskadin ekoizpen hori eskuratzeko aukera izateak lehen mailako aurrerapen sanitarioa, soziala eta enpresariala ekarriko luke, eta adi jarraituko dugu erakunde gisa», nabarmendu du Tapiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.