Donostiako Bulebarrean amaituko da gaur Korrika, auzo guztiak igaro ondoren. Milaka euskaltzalek espero duten unea iritsiko da: Korrika osoan zehar lekukoaren barruan joan den leloa irakurtzekoa. Aldi guztietan bezala, festari amaiera emateko, egun osoko jaia izango da ondoren. Gorka Lizarragari egokitu zaio azken eguneko egitaraua antolatzea; lanez itota ibili arren, ilusioz hartu du.
Hamabi urteren ondoren, Donostian amaitzen da Korrika. Zergatik aukeratu duzue Donostia aurtengo helmuga gisara?
Hamabi urte igaro direlako Korrika Donostian amaitu zen azken alditik. Bestalde, ikusi genuen hiriburu euskaldunena dela. Donostian amaitzeko ordua zen, hamabi urte igaro eta gero.
Azken eguneko egitaraua antolatzeari begira, zein abantaila eta desabantaila ditu Donostiak?
Abantailen artean daude hiria oso polita dela, oso ondo komunikatuta dagoela, eta alde zaharra bertan dugula. Desabantaila da, ordea, plazak txikiak direla; ez dagoela horrelako jai bat antolatzeko toki zabal eta handirik.
Erakundeek erraztasunak jarri al dizkizuete?
Euskara Patronatuak erraztasun pila bat jarri digu. Donostia Kulturakoek ere lagundu digute.Arazo gehiago izan ditugu portuarekin, Jaurlaritzaren eskumena baita. Segurtasun neurri zorrotzak eskatu dizkigu.
Zenbat lagun espero dituzue?
Milaka. Eguraldi ona izango dugula diote iragarpenek. Kalean ere nabari da jendea ilusioz dabilela, eta lan egiteko prest dagoen jendea ere galdezka izan dugu. Oro har, 10.000 pertsona lagunetik gora biltzea espero dugu.
Donostia hiriburu euskaldunena dela aipatu duzu lehen. Horrek erraztasunak ematen al ditu azken eguna antolatzeko? Lanerako prest dagoen jendea aurkitzea errazagoa al da?
Ekitaldietan lan egiteko, Korrika batzordeak baliatu ditugu. Auzoetako euskaltzaleak, Bagera elkartea, Udal Patronatua, Euskara Patronatua, elkarte gastronomikoak eta auzoetako herri mugimenduak aktibatu ditugu. Herri mugimenduek laguntza handia eman digute, eta, horiek jada auzoetan antolatuta daudenez, auzo horiek koordinatzea eta bakoitzari eginbehar jakin bat ematea izan da lana. AEKko jendeak ere gogotik parte hartu du. Guneetan, egun osoan lanean ariko direnak AEKko euskaltegiek lortutako pertsonak dira.
Zer prestatu duzue gaurko?
Lau gune prestatu ditugu: Alderdi Ederren, umeen gunea jarri dugu. Kaian, jantoki erraldoi bat prestatu dugu, eta herri bazkariaren ondorenerako bertso saio berezi bat antolatu dugu. Musika ere izango da; lasaia hasieran, eta pixka bat biziagoa, geroago. Eskaintza zabala egin nahi izan dugu. Trinitate plazan, kontzertuak izango dira gazteentzat —Gose, Esne Beltza, Ze Esatek—; Konstituzio plazan, aldiz, herri kirolak eta herri dantzak, baita sagardoa eta jatekoa ere.
Azken txanpa honetan, zein balorazio egiten duzue aurtengo Korrikaz?
Pertsonalki, sekulako arrakasta izaten ari dela uste dut. Gipuzkoan sartzean ikusi zen jendetza izugarria izan zen, baina herri txikietatik igaro denean ere xarma berezia izan du. Bestalde, Korrika Nafarroako Erriberatik igarotzen denean, arnasa hartzea bezalakoa da euskaltzaleentzat. Gainontzeko lekuetan ere bai, baina beste era batera bizi da herri erdaldunagoetan. «Hemen gaude» esatea da.
Gorka Lizarraga. Korrikaren amaierako jaiaren antolatzailea
«Donostian amaitzeko unea zen, hamabi urte igaro eta gero»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu