Azora funtsaren jabetzakoa den etxebizitza batetik kaleratzeko mehatxupean zegoen Donostiako familia bat, «alokairuaren errentaren ordainketan atzeratu egin zelako», baina kasua auzitara eraman du Saretxe etxebizitza sindikatuak, eta epaileak, helegitea onartu, eta etxegabetzeko agindua gerarazi du.
Bost kideko familia bat da, eta adingabea da haietako bat. 2020tik bizi dira Donostiako Gros auzoko etxe batean, alokairuan. Errentaren baldintzak okertuz joan dira etenik gabe, Saretxek salatu duenez: «Hasieran adostutako errenta igo zien putre funtsak; ondoren, ez ordaintzeagatiko aseguru bat kontratatzera behartu zituen —legez zalantzazkoa dena—, eta, horren ondorioz, uste baino askoz diru gehiago ordaindu behar izan dute hilero».
Sindikatuak salatu du errentaren baldintzak okertu egin zirela, eta Azorak urteotan etxearen mantentze lanik ez duela egin. Saretxek azaldu duenez, etxean konponketak egin behar diren bakoitzean Madrilera deitzeko esaten diete, baina ez dute erantzunik jasotzen askotan. Tramiteak, gainera, plataforma digitalen bidez egitera behartzen dituzte: «Harremana erabat deshumanizatu da».
Familiak, kezkatuta, Saretxeko kideengana jo zuen, eta «alokairuaren greba partzial batean» parte hartu zuen, Donostiako beste zenbait bizilagunekin batera: «Borroka kolektibo horren ondoren iritsi zen etxegabetze agindua, inolako aurreabisu edo negoziaziorik gabe». Aurtengo otsailaren 3an jaso zuten jakinarazpena, eta, sindikatuaren hitzetan, «hilabeteko ordainketa baten atzerapen batean» oinarritu ziren kaleratzea agintzeko; familiak dirua aurreztu behar izan zuen Isaac Lagos, familiako aita, Hondurasera joan zedin, eta horrek eragin zuen atzerapena. Sindikatuak, baina, protesta egin izana jo du kaleratzearen motibotzat.
Familiak azaldu du epaiketa prozesu «gogorra eta etsigarria» izan zela, eta, gainera, epaileak hasieran enpresaren alde egin zuela. Halere, helegitea aurkeztu zuen familiak, Saretxeren babesarekin, eta epaileak arrazoia eman die azkenean.
Saretxek adierazi du familiak «borrokan» jarraituko duela, eta Lagosen hitzok nabarmendu ditu: «Etxegabetzea gelditu izana arnasa da, baina ez da garaipen pertsonal bat; garaipen kolektiboa da. Antolatuta egoteak salbatu gaitu. Orain, gehiegizko klausulak ezabatzeko jarraituko dugu borrokan». Sindikatuak, berriz, adierazi du etxebizitzak, «kapitalismoan, merkantzia izaera» duela, eta horren aurka lanean jarraitzera dei egin du, etxegabetze aginduak ere ez baitira amaitu: urtarrilaren 10ean agerraldi bat egingo dute Donostian, Azora funtsaren etxebizitzetan bizi diren beste hiru familiari etxegabetzeko aginduak iritsi zaizkielako.