Donostiako Aste Nagusia hastearekin batera, atzoko egunez zezenketen aurkako manifestazioa egiten zuten urtero hiriko kaleetan. Baina, aurten, ez dago zezenketarik. Eta hori ospatzeko ospakizun ekitaldi berezia egin zuen atzo eguerdian Askekintza Animalistak taldeak. Alderdi Ederren elkarretaratzea egin zuten, eta 700 puxika bideodegradagarri zerura jaurti zituzten, «azkeneko hogei urteetan hil dituzten 700 zezenak omentzeko». Lide Treku Askekintza Animalistak-eko bozeramaileak azaldu duenez, «omenaldi kutsua» eman nahi izan diote ekitaldiari. «Gure borrokaren garaipena ospatzeko modu bat izan da». Afixa bideodegradagarri bat ere bota dute zerura, zezenketen aurkako mezuarekin.
Donostia «zezenketen kontrako hiri» izendatzeko eskatu dute taldeko kideek, «Bartzelonak bere garaian egin zuen bezala». Trekuren arabera, herritarrek ez dute zezenketarik nahi. «Ezagutzen dugun inkesta bakarrean, Gipuzkoako herritarren %72 zezenketen aurka agertu ziren. Uste dugu datu garrantzitsua dela. Herritarren nahia ezagutzeko erreferendum bat egin behar bada, egin dadila», gaineratu du.
Alderdi politikoen interesak
«Pozik» daude Askekintza Animalistak taldekoak, aurten Donostian zezenketarik egingo ez delako. «Baina ez dugu ahaztu behar, nahiz eta gaur egungo udalak zezenketak ez egotea erabaki duen, litekeena dela agintariak aldatzen badira bide beretik ez jotzea». Hori dela eta, zezenketak inoiz gehiago ez egoteko eskatu dute. «Politikariei beraien interes alderdikariak alde batera uzteko eskatuko nieke», esan du Trekuk.
Era berean, «zezenen sufrimendua eta herritar gehienen ahotsa» aintzat hartzeko eskatu dute Askekintza Animalistak taldeko kideek.
Puxikak askatu eta elkarretaratzea amaitu ostean, luntx beganoa egin zuten. «Aurtengo ekitaldiaren formatua ezberdina izan da. Kontuan hartu behar da 1988. urtean hasi zirela egiten zezenketen aurkako lehen manifestazioak Donostian», azaldu du animalien aldeko taldearen bozeramaileak. Zezen plaza ez eraikitzeko aldarria zuten manifestazio haiek. Ordutik, urtero entzun da Donostian zezenketen aurkako aldarria.
PPren salaketa
Donostiako PPk uztailean auzitara eraman zuen Bildu, «zezenketak debekatzeagatik». «Ez Bilduk ez alkateak ezin dute kapritxoz jokatu, ezin dute legezko jarduera bat debekatu», esan zuen Ramon Gomez Ugalde zinegotziak. Alderdi bereko Maria Jose Usandizagak duela egun batzuk esan zuenez, Aste Nagusiko berrikuntza bakarra zezenketarik ez egotea da, «inposizioagatik».
Donostian zezenketarik ez egitea ospatu dute
700 puxika bideodegradagarri zerura bota dituzte, azken urteetan hildako zezenen omenez

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu