Bi egun besterik ez zeramatzan bikoteak Antsoaingo (Nafarroa) pisu batean bizitzen, gizonak andrea hil zuen pisuan. Biak etxean bakarrik gelditu zirenean, 20:30 aldera, eztabaidan hasi ziren, eta Salvador Antonio Flores Peguero sukaldera joan zen, labana handi bat hartu zuen, egongelara itzuli, eta Dora Angulo Guaguari bizkarretik sartu zion, «defenditzeko inolako aukerarik eman gabe» emakumeari. 2003ko apirilak lehen eguna zuen, eta 39 urte zituen Angulok. Bizilagunek entzun zituzten emakumearen oihuak, eta haiek abisatu zioten Poliziari.
Ikusi gehiago
Gizonari egotzi zioten hilketa, eta atxilotu egin zuten; 45 urte zituen orduan. Hiru urte joan ziren epaiketa egin zuten arte, eta hiru urte horietan, gizonak behin eta berriro errepikatu zuen emakumearen ustezko eraso batetatik defenditzeko hil zuela.
Baina epaiketa iritsi zenean, 2006ko ekainean, hilketa onartu zuen gizonak. Eta aitortu zuen nahita hil zuela emakumea, «ezustean, bat-batean, eta defenditzeko inolako aukerarik eman gabe», eta bizkarretik eraso egin ziola gainera. Angulo, bestalde, besikulatik operatu berria zen egun haietan, eta «ahuldade» egoeran zegoela ebatzi zuen epaitegiak.
Gizona baldintzapeko askatasunean zegoen Angulo hil zuenean. Alaba bortxatzeagatik zegoen zigortua.
Gizona saiatu zen hilketa desitxuratzen. Angulo hil eta gero, sukaldera joan, beste labana bat hartu, eta hildako emakumeari eskuan jarri zion. Bere buruari lepoan zauriak ere egin zizkion gizonak, emakumeak eraso egin ziola argudiatzeko gero.
Epaiketan ezin izan zion bertsio horri gehiago eutsi, eta hilketa bere gain hartu zuen Floresek. Akusazio partikularrak 23 urteko kartzela zigorra eskatu zuen gizonarentzat. Epaileak hamazazpi urtera zigortu zuen azkenean.
Ez zen polemikarik gabeko epaiketa izan. Fanny Angulo Guaguak, hildakoaren ahizpak, Antsoaingo Udalari «gezurretan» aritzea ere leporatu zion hilketa gertatu eta hurrengo hilabeteetan. Udalak babes osoa eskainiko ziola esan zion, eta Dora Anguloren gorpua Ekuadorrera aberriratzeko —hangoa zen sortzez, eta han zituen bi seme-alaba— laguntza emango ziola ere bai. Halako ezer ez zela gertatu, eta «bakarrik» utzi zutela salatu zuen Fanny Angulok, nahiz eta udalak akusazio horiek ukatu zituen.