Hamabi urte bete dira gaur Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria zena itxi eta hamar lagun atxilo hartu zituenetik. Dozena bat urte, 2003ko otsailaren 20 hartatik. Egun horretan, gauez, hamahiru urteko ibilbidea zuen hedabideari giltzarrapoa jarri eta preso eraman zituzten Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia —2006an hil zen— eta Inma Gomila —2011n hil zen—.
Ez zen kolpe bakarra izan; urte hartako urriaren 16an, Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmok aginduta, eta zortzi lagun atxilotu zituen: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
Urteurren berezia izango luke Egunkariak 2015ean, zabalik egonez gero. 1990eko abenduaren 5eko gauean argitaratu zen euskarazko kazetaren lehen zenbakia, eta, beraz, 25 urte beteko lituzke aurtengo abenduan. Euskarazko prentsa idatziak ez zuen etenik izan, ordea, Egunkaria itxi eta biharamunean Egunero argitaratu baitzuten langileek. 2003ko ekainean BERRIAk hartu zuen lekukoa.
Urteurren berezia izango da auzi ekonomikoan auzipetu zituztenentzat ere. 2010eko apirilean eman zieten absoluzioa "terrorismo delituak" egitea egotzita auzipetutakoei, baina iazko urriaren 14an itxi zuten auzi ekonomikoa, preskribatuta zegoela eta. Hortaz, Egunkariaren itxieraren lehen urteurrena da auzirik gabe. Auzipeturik gabe.
Hamabi urte igaro dira, eta inork ez du barkamenik eskatu. "Eskerrik asko, eta ez ahaztu", esan zuen Torrealdaik auzi ekonomikoa itxi osteko eskertza ekitaldian.
[Youtube]http://youtu.be/Vl3j1qWZbCg[/Youtube]