Dozenaka herritar galdekatu ditu Poliziak AHTaren aurkako protestan

Herenegun iluntzean Urruñan AHTaren aurkako tindaketak egiteagatik, polizia etxera deitu dituzte

AHTaren aurkako tindaketak, Urruñako errepidean. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Poliziak dozenaka herritar deitu ditu polizia etxera eta galdekatu, astearte iluntzean AHTaren aurkako tindaketak egiteagatik Urruñan, Lapurdin. Herritarrek hitzordua zuten tindaketa egiteko, eta handik gutxira agertu zen Polizia, ekintzaileei nortasun agiriak eskatuz. Hurrengo egunean polizia etxera joateko agindua eman zieten tokian berean, bertan galdekatzeko. Urruñako inguruak AHT ez, ez hemen eta ez inon dioten tindaketez beterik agertu ziren atzo goizean.

AHTaren aurkako ekintzaileak Urruñan elkartu ziren, eta bost taldetan banatu, inguruko errepideetan tindaketak egiteko eta banderolak ezartzeko. Ekintza horren bidez, AHT bide berriak Urruñan eta eskualdean eraginen lituzkeen «triskantzak» salatu nahi zituzten, bertzeak bertze herriko hainbat etxe eraitsi beharko liratekeelako eta laborantza lurrak ere betirako galduko liratekeelako.

Urruñako eskualdean usu egin dituzte AHTaren aurkako protestak, baita tindaketak ere. Duela bi urte ere, Polizia presente egon zen tindaketan. Asteartean, aldiz, jarrera zorrotzagoa izan zuten, eta, heldu den astetik hasita, binaka, polizia etxean agertzeko hitzordua ezarri zieten 40 laguni.

Elkarteak haserre

Pantxoa Tellier Bidasoa-Urdazuri elkarteko kideak «probokaziotzat» jo du Poliziarekin izandako arazoa, eta jakinarazi du bilkura publiko bat eginen dutela elkarteko kideekin, herritarrekin eta abokatuekin heldu den astelehenean. Bertan Poliziaren deialdiari emanen dioten erantzuna aztertuko dute. Duela aste batzuk, Poliziak AHTaren aurkako tindaketak egiten zituzten militanteak atxilotu zituen Uztaritzen.

Tren berria «bortxaz» pasatu nahi dutela salatu Tellierrek, eta jakinarazi du herritarren kontra «indarra eta mehatxua» erabilita ere ez dutela lortuko xede horren kontra diren jendeak isilaraztea. Bordele inguruan trenbidea egiteko zundaketak eta ikerketak hasi dituztela azpimarratu du, eta desjabetzeak sosik ere ordaindu gabe egiten ari direla.

AHT bide berriaren karietara Lapurdiko hamalau herrik ezarritako salaketa aztertu zuen Paueko auzitegi administratiboak asteartean. Dagokion auzia izan zen Pauen. Izan ere, herri horiek RFF tren konpainiaren eta Prefekturaren kontra ezarritako helegitea aztertu zuen. Herriko etxeek uste dute prefetaren aginduak beren eskumen eremua urratzen duela, balizko ibilbidean, bost ehun metroko zabaleran, lur sailen salmenta eta eraikuntza «izoztu» egiten duelako. Auzia aztertzen ari da Paueko auzitegi administratiboa, eta heldu den maiatzaren 2an emanen du jakitera ebazpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.