DSBLren arriskuez aritu da Toña

Gipuzkoako Aldundiak aurreko legealdian onartutako laguntzak «distortsioak» eragin dituela dio

Maite Peña eta Markel Olano, atzo, gizarteratzen laguntzeko neurrien berri ematen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Onetsi egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak Gipuzkoako Foru Aldundiak diru sarrerak bermatzeko laguntza (DSBL) kenduz joateko hartu duen erabakia. EH Bildu agintean zela ezarritako laguntza bat izan zen, eta lehengo astean jakinarazi zuen diputazioak kentzeko asmoa, etorkinen «erakartze efektua» eragiten zuela argudiatuta. Eta, hain zuzen ere, «distortsioak» eragin dituen neurri bat dela onartu zuen atzo Toñak. Zenbait herritara migrante asko erakarri dituela azaldu zuen, eta «lehertzeko arriskua» duten errealitateak sortu direla. Hain zuzen ere, hori izan da aldundiak laguntza erretiratzeko hartu duen arrazoibidea. «Konpontzen dituena baino eragozpen gehiago sortzen ditu», esan zuen lehengo astean Gizarte Politikako sailburu Maite Peñak. «Migrazio isuri artifiziala ekarri du Gipuzkoara». Laguntza ez zaie kenduko jasotzen ari direnei, baina uztailaren 1etik aurrera ezingo da eske gehiago egin.

Laguntza 2012an jarri zuen martxan aldundiak: diru sarrerak bermatzeko errenta lortzeko baldintzak zorroztea —urtebeteko erroldatzea eskatu beharrean, hiru urteko eskea egin zen— erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horri erantzun nahi izan zion. Hartara, igaro urteotan Gipuzkoa izan da urtebeteko erroldatzearekin laguntza bat eskuratzeko bidea ireki duen herrialde bakarra, eta, egiatan, etorkin askok baliatu dute aukera hori. Etorkinen kopurua ez da ugaritu, hala ere, urteotan Gipuzkoan, eta laguntza eskatzaileen kopurua ere ez da handitu: «egonkortuta» dago azken urteotan. Horregatik, kexak eta protestak eragin ditu laguntza kendu izanak; ostegunean, esaterako, Gipuzkoako Caritasek adierazi zuen ez zuela begi onez hartu erabakia. Laguntza emateko moduetan aldaketak egiteko komenigarritasuna onartu arren, laguntza kentzeak arazoak ekarriko dituela ohartarazi zuen.

Toñak, ordea, babesa eman zien atzo aldundiko egungo agintariei. Arazoa aurreko legealdian egon zela esan zuen. «Ez zituzten ongi neurtu erabakiaren [laguntza ematen hasi izanaren] ondorioak». Laguntza jaso duten gehienak lanposturen bat lortzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak direla azaldu zuen, eta laguntzen mendeko izateko bidean daudela, gehienak, «era kroniko batean», gainera. EH Bilduk gaitzetsi egin zuen Toñaren jarrera; Gasteizko alkate zenean Javier Marotok (PP) etorkinen inguruan hartu zuen tankerako jarrera hartzea leporatu zion: «Xenofoboa». Marotok berak «zinismoa» egotzi zion sailburuari, Gipuzkoako Diputazioaren laguntzaren kontra egin arren, diru sarrerak bermatzeko errentaren sistema—«iruzurtia» dela esan izan du— ontzat jotzeagatik.

Gipuzkoarako asmo handia

DSBLren inguruan sortu den polemikaz harago, gizarte politika sendoak dituztela erakutsi nahi izan zuten, atzo, agerraldi batean Gipuzkoako Foru Aldundiko buruek. Ekonomia suspertzeko planaren barruan aldundiak gizarte politiken arlora zortzi milioi euro bideratuko dituela esan zuten, eta horren bidez 1.450 lanpostu sortu nahi direla legealdi honetan. Arloan asmo handiz ari direla esan zuen Markel Olano diputatu nagusiak: «Nahi genuke legealdi honetan Gipuzkoa Europan desberdintasun urrienak dituen herrialdea bihurtzea». Xedea «gizarteratzea» dela azaldu zuen: «Inor ez dugu bazterrean utziko». Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak, bereziki, urritasunak dituztenentzako Aukerability programa nabarmendu zuen: 2020ra artean 554 lagun lan merkatuan sartzeko erabiliko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.