Bere izena duen dietak bezala, oihartzun handia izan du Pierre Dukan mediku frantziarrak Iruñean. Mundu osoan milaka eta milaka liburu saldu ditu, eta milaka eta milaka pertsonak aitortu dute Dukan metodoa baliatu dutela obesitateari aurre egiteko. Arrakasta lortu du, baina kritika zorrotzak ere piztu ditu. Iruñean agerian gelditu da elikaduraren adituen eta profesionalen artean zalantza anitz sortzen duela Dukanen lanak. Nafarroako Unibertsitateak gonbidatu du sendagilea Euskal Herrira, eta dieten inguruko eztabaida batean parte hartu du Iruñeko planetarioan, lehendabiziko aldiz, Espainiako Dietetikaren eta Elikaduraren Elkarteko ordezkari Juan Revengarekin batera.
Dieten inguruko hizketaldi gisa aurkeztu du ekitaldia Espainiako Dietetikaren eta Elikaduraren Elkarteko presidente Santiago Navasek, baina berehala agerian gelditu da Pierre Dukanena dela bere dietaren aldeko iritzi bakarra aretoan. Entzuleen artean dietetika eta elikadura ikasleak dira gehienak. Erruz txalotu dituzte Revengak Dukanen dietaren aurka emandako argudioak eta erantzunak.
Dukan dietaren oinarria proteinak dira. Proteina askotako dieta da. «Argaltzeko prozesua bertze modu batera bizitzeko aukera ematen du nire metodoak. Izan ere, dieta ez da zigorra, saria baizik. Pertsona batek 20 kilo galtzen dituenean, erabat aldatzen delako, bertze pertsona bat bilakatzen da», azaldu du Dukanek berak Iruñean.
Dukanentzat, gizartearen gaixotasuna da obesitateta. Gizakien jarrerarekin du lotura batez ere. Ez hainbertze, ordea, elikadurarekin. «Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, estatubatuarrek bertze gizarte bat eraiki eta zabaldu zuten: garapenaren eta hazkundearen gizartea». Gizarte horren ardatz nagusia kontsumoa da, eta kontsumoaren gizartearen ondorio jo du Dukanek obesitatea.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE), hain zuzen ere, obesitateari buruzko txosten bat aurkeztu berri du, eta txosten horretan enpresen aurka egin du, beren balio erantsia koipe, gatz eta azukre anitz duen elikadura sortzera bideratu dutelako. NBEk argitaratutako datuen arabera, 1.300 milioi pertsona inguruk dituzte obesitatearekin lotutako arazoak munduan, eta hiru milioi baino gehiago arazo horien ondorioz hiltzen dira, urtero.
Dukanek hagitz arazo larritzat jo du obesitatea. Eta harekin lotu ditu minbiziaren, diabetesaren eta bihotzeko gaitzen gisako eritasunak. «Obesitateak heriotza eragiten du. Horri konponbidea ematen saiatzen naiz ni».
Arazo gehiago sortu
Konponbidean parte hartu nahi du Pierre Dukanek, eta konponbide horretako zati gisa aurkeztu du bere izena duen dieta. Espainiako Dietetikaren eta Elikaduraren Elkartearen ustez, ordea, errealitatea erabat bertzelakoa da: arazoaren parte dira Dukan eta haren gisako dietak. Osasun arazoak eragin ditzaketela azpimarratu dute elkarte horretako adituek.
Horietako bat da Juan Revenga, eta Iruñean argi eta garbi utzi du «batere oinarri zientifikorik gabekoa» dela Dukan dieta. Mirarizko dieten esparruan kokatu du mediku frantziarrarena. «Halako dietak egiten dituzten pertsonen %95 berriz loditzen dira».
Argaldu nahi duten gehienek, hala ere, halako dieten aldeko hautua egiten dute. Horixe onartu du Revengak. Informazio bila ere, halako dieten berri ematen duten liburu eta aldizkarietara jotzen dute herritarrek, Revengak azaldu duenez. «Halakoetan ageri diren adierazpenen %67k ez dute atzean inolako oinarri zientifikorik», salatu du.
Argaldu nahi duenak adituengana jo behar duela azpimarratu du Revengak. Eta aldizkari, liburu eta hedabideetan ageri diren dietak bazter utzi. Espainiako Dietetikaren eta Elikaduraren Elkarteak berriki adostutako agiria aipatu du, eta testu horretan adituek egiten dituzten gomendioen artean proteina kopuruari buruzkoak nabarmendu ditu. «Animalien proteina kopurua mugatu behar da; ez da ona, halaber, gure ohiko dietan proteinek duten proportzioa aldatzea». Dukan zuzenean aipatu gabe, haren dieta zalantzan jarri du Revengak.
Zalantza horiek uxatu nahi izan ditu Dukanek, Santiago Navasek egindako galderen harira. Zehazki, Dukan metodoari buruzko ikerketen berri emateko eskatu dio medikuari. «Hainbat ikerketa egin da nire dietari buruz. Azkenak 2010ean eta 2011n argitaratu ziren. Hiru bat mila pertsonarekin egin ziren». Emaitzek agerian utzi dute, medikuaren hitzetan, Dukan dieta egiten dutenen %40 ez dela berriro loditzen.
Revengaren eta Navasen zalantzak ez dira desagertu. «Gure elkarteko kideek Dukan dietari buruzko ikerketa zorrotzak bilatu dituzte, eta ez dute bakar bat ere aurkitu». Bereari eutsi dio Navasek. Dukanek ere bai.
Dukan dieta: argi baino itzal gehiago
Pierre Dukan medikua Iruñean egon da, eta dieten inguruko eztabaida batean parte hartu du. Haren lana kritikatu du Espainiako Dietetikaren eta Elikaduraren Elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu