EA, Aralar, AB, Alternatiba eta ezker abertzaleak akordio nazional bat adostuko dute

«Modu iraunkor eta sakonean» elkarlanean aritzeko engaiamenduaren berri eman dute Baionatik plazaratutako adierazpeneanZatiketak eta desadostasunak gainditzeko garaia dela adierazi dute bost alderdiek

Bost alderdietako ordezkariak, atzo, Baionan egin zuten agerraldiko une batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Aniztasuna oinarri eta xede izanda, indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoaren aldeko hautua» egin duteAbertzaleen Batasunak, Alternatibak, Aralarrek, ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak. Horri begira, «ezkerreko independentisten eta subiranisten arteko akordio estrategiko nazionala» lantzeko eta adosteko helburua dute. Horra zer adierazi zuten atzo bost alderdien ordezkariek Baionan egin prentsaurrekoan. Bertan egon ziren ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu eta Xabi Larralde, Aralarreko Rebeka Ubera eta Dani Maeztu, EAko Pello Urizar eta Xarles Etxandi, Alternatibako Oskar Matute eta Josu Estarrona eta ABko Mertxe Colina eta Joseba Garai.

Hain zuzen, indar subiranista, independentista eta ezkertiarrak biltzea izan da azken urteetan Euskal Herriko jokaleku politikoan izandako «aldaketa garrantzitsuetariko bat», Larralderen hitzetan. Funtsean, «eman diren aldaketa sakonak eta zabaltzen ari den fase politiko berria» baloratzen dituzte. «Jorratu den bide horren jarraipenean» kokatu zuten atzo aurkezturiko «pausoa».

Akordio estrategikoa oraindik osatua ez duten arren, elkarren artean adosturiko adierazpena irakurri zuten.

Herri subiranoa eta solidarioa

Indarrak metatzearen bidez, Euskal Herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzea dute helburu, eta hori, «bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko». Zehaztu dute «konbentzituak» direla azken garaietan ezkerreko alderdi abertzaleen artean izandako zatiketa eta desadostasunak gainditzeko unea heldu dela.

Dituzten helburuak oztopaturik direla diote, haatik. Batetik, sistema kapitalistaren izaera «menderatzailea» gaitzetsi dute, eta erran dute horrek «higatu» egiten dituela gizartearen eskubide pertsonal zein kolektiboak. Bestetik, Espainiako eta Frantziako estatuen «jarrera hertsiak» ere deitoratu dituzte: «Urraketa demokratikoak, blokeatze instituzionala eta mota anitzeko errepresioa». Hori dela eta, «Euskal Herriari dagokion subjektu politikoaren izaerak eta hemengo herritarrei beren etorkizun politikoa, soziala eta ekonomikoa libreki hautatzeko eskubideak ezagupenik gabe edota ukatuak segitzen» dutela salatu dute. Hizkuntza eskubidearen urraketa eman dute adibidetzat. Euskara Euskal Herri guztian ofiziala izatea exijitu dute, eta jakinarazihori lortzearen alde lanean ariko direla: «Helburu hori erdietsia izateko eta euskal kultura, oro har, gure herrian zein mundu mailan sustatzeko gure konpromiso irmoa adierazten dugu».

Luze gabe adostekoa

«Epe laburrean» adostu nahi dute akordio estrategikoa. «Akordio hori lantzen ari gara; ez da hetsia, Ipar eta Hego Euskal Herriko erritmo ezberdinak kontuan hartu behar dira, eta, beraz, oraingoz lanketa fasean gara», zioen atzo Larraldek. Hain zuzen, adierazpenean azaldu dutenez, kontuan hartu dute «lurralde bakoitzean modu ezberdinean eta erritmo propioetan deklinatzen direla» Euskal Herriak dituen erronkak. Hori dela eta, «Ipar nahiz Hego Euskal Herriari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak izanen ditu akordioak».

Ipar Euskal Herrian aurten izanen diren hauteskundeentzat finkatua izango denik ez dakite; Honela mintzatu da Urizar: «Egin beharreko lana ongi egin behar dugu; sakoneko lana da, eta gerora eginen da konpromiso hori hauteskundeetara eramateko pausoa. Bitartean, hauteskunde batzuk hor daude, eta horietan oraindik dena lotua ez badago ere, akordioa ongi mamitzea dugu beharrezko lana; ezin dute hauteskunde batzuek oztopatu, garrantzitsua oinarria delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.