Krisia gogorra zen Eusko Alkartasunako (EA) bi ildoen artean, eta kritikoek alderdia uztea erabaki dute. Gauerdian jakinarazi dute neurria, ohar baten bidez, eurek Zarautzen (Gipuzkoa) bilera egin ostean. Gipuzkoako EAko zuzendaritzako hamabost lagunek sinatu dute oharra; besteak beste, Iñaki Galdos presidente eta herrialdeko Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren albokoak (Kirola eta Kanpo Ekintzarako diputatua ere bada), Pello Gonzalez Ogasun eta Finantza diputatuak, Joxan Rekondo Batzar Nagusietako EAko bozeramaileak eta Jon Urien Zarauzko alkateak. Ez dituzte euren kargu publikoak utziko.
Alderdi politikoa sortuko dutela ere iragarri dute, ‘Alkarbide’ izenekoa. Asmoa, urtearen bukaerarako eratzea. Alderdia "abertzalea, demokratikoa eta sozialdemokrata" izango da, haien arabera -oharra gazteleraz baizik ez dute bidali-.
Hortaz, EAk ekainaren 20an eta 21ean Gasteizen zuzendaritza, estatutuak eta ildoa hautatzeko egingo duen kongresuaren aurretik utzi dute alderdia, baita igandeko honetako Europako Parlamenturako hauteskundeen aurretik ere.
Zuzendaritza nazionalak ez du bihar arratsaldera arte baloraziorik egingo. Bilera egingo du orduan Donostian.
Gipuzkoako EAk osatzen du, batik bat, ildo kritiko hori, eta alderdi barruan %35 inguru osatu izan dute, batzar nazionaletan ikusi izan den bezala. Galdos eta Gonzalezez gain, beste bi diputatu dituzte Gipuzkoako Aldundian: Maite Etxaniz (Gizarte Politikak) eta Jose Ramon Guridi (Berrikuntza).
EAk azkenaldian “mugimendu subiranista demokratikoa” bultzatzearen beharraz hitz egin du, pausoak ere eman ditu, eta ildo kritikoak gogor kritikatu du. “Abertzaletasun historiko eta instituzionalaren alde” azaldu izan dira, eta EAJrekin koalizio “egonkorra” lortzea sustatu dute beti.
EA polo subiranistaren bidean sartu izanak “gainbehera” ekarri duela iritzi diote Galdosek-eta, eta martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak gogoratzen dituzte porrotaren adibide gisa: parlamentari bakarra. EAren sorrerako oinarrietatik “aldendu” izana leporatzen diote zuzendaritza nazionalari.
Bi bide
Bi ildoen arteko harremanak hobetzeko lan egin dutela diote EA utzi dutenek, "baztertuta" sentitu izan direla eta eurak “sorrerako proiektuarekiko leialak eta zintzoak” izan direla.
Kontua da bi bide egon direla EAn azken urteetan. Azkeneko kasua: EAk joan den maiatzaren 21eko greba orokorraren alde egin zuen, baina alderdiko ildo kritikoko hainbat kidek jendaurrean esan zuten erabaki haren kontra zeudela eta eurak lan egitera joango zirela -baita joan ere-. Martxoaren 1eko bozen atarian ere ildo kritikoko hainbat kide EA bakarrik aurkeztearen aurka azaldu ziren jendaurrean. 2007ko udal eta foru hauteskundeetan ere bakarrik joan zen EA, baina Oiartzunen (Gipuzkoa), esaterako, EAk muzin egin zion erabaki hari eta EAJrekin Oiartzun Bai aurkeztu zuen bozetan. Euren alderdiak Nazio Eztabaidagunean parte hartzea ere gaizki ikusi izan dute.
Lehengo larunbatean Galdosek aitortu zuen bi ildoak "bateraezinak" zirela. Gipuzkoako EAren Suspertu izeneko barne hausnarketaren emaitzen berri ematean zioen hori, baita "erabakia hartzeko garaia da" ere.
Politika
EA utzi du ildo kritikoak
Gipuzkoako EAko zuzendaritzakideek diote Alkarbide alderdi politikoa eratuko dutela urtearen bukaerarako. Haien ustez, sorrerako oinarrietatik aldendu egin da EA. Alderdia laga dutenek "mugimendu subiranista demokratikoa” baino nahiago dute EAJrekin koalizio "egonkorra". Batzar nazionalean %35 inguru osatu izan dute eta ez dituzte euren kargu publikoak utziko. Zuzendaritza nazionalak ez du bihar arte baloraziorik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu