EAE-Akitania euroeskualdea eratu dute, «Europan indartsuago izateko»

Patxi Lopezek eta Alain Roussetek hitzarmena sinatu dute, hainbat alorretan lankidetzan aritzeko

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Akitaniaren arteko euroeskualdea abian da, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak atzo sinatutako akordioari esker. «Europan indartsuago izateko» jaio da organu berria. «Euroeskualdeak Europan toki adierazgarri bat ematen digu, lehiakorrak izateko neurria», adierazi du lehendakariak.

Lehendakaritzako egoitzan sinatu dute akordioa Lopezek eta Roussetek. Euroeskualdea sortzeko hitzarmenarekin, organu berriaren estatutuak eratu dituzte bi agintariek. Adostutakoaren arabera, Lurralde Lankidetzarako Europako Talde baten egitura izango du euroeskualdeak, eta izaera juridiko propioarekin lan egingo du. Horixe da 2006an Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak onartu zuten egitura juridikoa gisa horretako proiektuentzat. Eskualdearen organuak Hendaian izango du egoitza, eta Rousset izango da lehen bi urteetan lehendakari. Batzarra izango da organu nagusia, eta hogei kide izango ditu, alde bakoitzetik hamarna.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Akitaniaren arteko lankidetza eremu berria izango da euroeskualdea. Horren bitartez «harreman, truke eta proiekzio erkiderako mugaz gaindiko eremu handi bat sortu» nahi dutela azaldu du Lopezek. Europaren aldeko ikuspegia defenditu du lehendakariak: «Euroeskualdea proiektukolektiboa eta partekatua da Europako Batasunaren barruan. Ikuspegi global batetik, tokian-tokian eragin nahi dugu».

Akordioarekin mugaz gaindiko lankidetza indartu nahi dute bi aldeek, «interes komuneko alorretan» elkarlanean arituz; hala nola garraio, ingurumen, turismo, kultura edo nekazaritzan.«Herritarrei eta enpresei jakinarazi behar diegu Akitanian lan egitea, ikastea edo ikertzea EAEn egitea bezala dela, eta alderantziz», azaldu du Lopezek.

Rousseten irudiko, berriz, «mugak hausteko» balio du plataforma berriak. Herrien eta herritarren arteko kultur, unibertsitate, ikerkuntza eta garapenaren trukaketa egitea «zentzukoa» dela esan du Akitaniako presidenteak. Besteak beste, garraio azpiegituretan finantziazioa lortzeko baliagarria izango da euroeskualdearen lana, bere esanetan. Akordioarekin, Donostia eta Baiona arteko tranbiarentzat edo abiadura handiko trenarentzat Europako diru laguntza zuzena lortzea espero du Roussetek.

Nafarroa, kanpo

Lopezek eta Roussetek 2009an lortu zuten euroeskualdea sortzeko akordioa, eta EAEk eta Akitaniak Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) egitasmora batzeko deia egin zieten. Nafarroak, baina, ezezkoa eman zuen duela bi urte, Miguel Sanz orduko presidenteak erabakita. Hala eta guztiz ere, izaera irekia izaten jarraituko du egitasmo berriak.

Nafarroak bere burua euroeskualdetik kanpo utzi izana kritikatu du Patxi Zabaleta NaBaiko eledunak. «Atzerakada izugarri kalteagarria da ikuspegi sozial eta kulturaletik, baina, batez ere, ikuspegi ekonomikotik. Nafarroako enpresei etasare ekonomiko osoari kalte egiten dio». UPNren «ideologia baztertzailearen eraginez» Nafarroa kaltetuta atera dela uste duZabaletak.

Batasunak, berriz, oso bestelako azterketa egin du euroeskualdearen sorrerari buruz. Ohar batean esan duenez, egitasmoak ez du Euskal Herria aintzat hartzen, eta, beraz, ezin ditu bere interesak ordezkatu. Euskal Herriaren geroa, eta bereziki Ipar Euskal Herriarena, «kanpokoak diren instantzia batzuetan koordinatzea» salatu du Batasunak.

Horren haritik, Iparraldea harremanetarako subjetu politiko gisa aitortzea premiazkoa dela nabarmendu du. «Ipar Euskal Herrian onura gehien ekarriko dituen mugaz gaindiko harremanak eskumen zabalak izango lituzkeen instituzio propio batek edo autonomiak soilik burutuko dituenak izago dira». Halaber, euroeskualdearen ardatz nagusia AHTa izatea kritikatu du, proiektu horrek «hondamendi ekonomikoa eta gizartearekiko ezbeharra» dakarrelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.