EAEko 19 herri itxiko dituzte astelehenean

5.000 biztanletik gorako herrien artean, Elorrio, Ermua, Muskiz, Ondarroa, Beasain, Lazkao, Ordizia eta Urretxu itxiko dituzte.

Ertzaintzaren kontrol bat, itxiera perimetrala zaintzeko, aurtengo otsailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2021eko martxoaren 27a
13:23
Entzun

Denera hemeretzi herri itxita, astelehenetik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak argitaratu du izurriari aurre egiteko Labi aholku batzordeak harturiko azken neurriak ezarri beharko dituzten herrien zerrenda. Hemeretzi herri horien artean, 5.000 biztanle baino gutxiagokoak dira gehienak, 11 herri: Ataun, Idiazabal, Olaberria, Zaldibia eta Zegama, Gipuzkoan; Eltziego, Elvillar, Iruña Oka, Urkabustaiz eta Zigoitia, Araban; eta Berriz, Bizkaian. 5.000 biztanletik gorakoak dira itxiko dituzten beste zortziak: Elorrio, Ermua, Muskiz eta Ondarroa, Bizkaian; eta Beasain, Lazkao, Ordizia eta Urretxu, Gipuzkoan.

Herri horietako biztanleek aukera izango dute ondoko herrietara joateko erosketak egitera. Kirola egitean, toki itxietan lau lagun baino gehiago ezingo dira elkartu; federatutako kirolariak eta profesionalak geratuko dira horretatik libre. Gainera, itxi egingo dituzte kiroldegietako aldagelak eta dutxak. Igerilekuetan, %35eko edukiera ezarriko dute, eta dutxak banaka erabili beharko dira.

Edonola ere, itxiera perimetrala duen toki batera joateko modua izango da, baldin eta bertako hotel, jatetxe edo antzeko batera joateko erreserba eginda bazuten bezeroek, neurriok jakinarazi aurretik, alegia maiatzaren 26a baino lehen. Apirilaren lehenetik 11ra hartuko da aintzat salbuespen hori.

Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kasu edo gehiago eduki dituzten herriei ezarriko diete itxiera perimetrala: Lazkaok, 1.047,59 eduki ditu, Ordiziak 953,33, Beasainek 841,59, Ermuak 797,11, Elorriok 725,03, Ondarroak 583, 63, Urretxuk 453,95, eta Muskizek 427,86.

Irakurri gehiago: Zer muga daude Hegoaldean? Azken neurriei buruzko zazpi galdera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.