Zer muga daude Hegoaldean? Azken neurriei buruzko zazpi galdera

Bilboko terraza bat, joan den hilean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2021eko martxoaren 26a
20:54
Entzun

Zein muga daude batetik bestera ibiltzeko?

Erkidegoen arteko joan-etorriak lehendik ere galarazita daude, propio onetsitako motiboren batengatik eginak ez badira. Nafarroan, gainerakoan, herrien artean ibiltzeko eragozpenik ez da, eta berez ez dago planik intzidentzia tasa batetik gora dauden udalerriak ixteko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bai; 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiagoko intzidentzia metatua duten herrietan joan-etorriak mugatu egingo dituzte. Lurralde oso batek langa hori gainditzen badu, halaber, neurri bera ezarriko zaio.

Tabernetarako zein muga jarri dira orain?

Nafarroan tabernen barrualdeetan ezingo dute jenderik hartu; terrazak bakarrik egongo dira irekita. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begira horrelako neurri orokorrik ez da hartu. Muga bakarra, intzidentzia altuarengatik aparteko mugak izango dituzten herrietan jarriko dute. 06:30-09:30 eta 13:00-16:30 tarteetan bakarrik egongo dira zabalik ostatuen barruko aldeak.

Tabernetakoez aparte, zer muga izango dira itxiera perimetrala duten herri edo lurraldeetan?

Herri horietako biztanleek aukera izango dute ondoko herrietara joateko erosketak egitera. Kirola egitean, toki itxietan lau lagun baino gehiago ezingo dira elkartu; federatutako kirolariak eta profesionalak geratuko dira horretatik libre. Gainera, itxi egingo dituzte kiroldegietako aldagelak eta dutxak. Piszinetan, %35eko edukiera ezarriko dute, eta dutxak banaka erabili beharko dira.

Neurriotan bada zirrikiturik?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako prestatu dituzten neurrietan, propio utzi dute zirrikitu bat: itxiera perimetrala duen toki batera joateko modua izango da, baldin eta bertako hotel, jatetxe edo antzeko batera joateko erreserba eginda bazuten bezeroek neurriok jakinarazi aurretik, alegia atzo baino lehen. Apirilaren lehenetik 11ra hartuko da aintzat salbuespen hori.

Noiz sartuko dira neurriok indarrean?

Martxoaren 29an

Noiz jakinaraziko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein herritan edo lurraldetan dagoen itxiera perimetrala?

Berez, zerrenda astelehenero berritzea da plana. Aste honetan, hala ere, salbuespen gisara, lehen zerrenda gaur jakinaraziko dute. Hurrena, apirilaren 6an, asteartez, hilaren 5a jaieguna izango baita. Hortik aurrera, astelehenetan egon beharko da adi: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenero kaleratuko du tasa gainditzen duten udalerrien edo lurraldeen zerrenda.

Ba al da beste neurririk?

Bai, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek osatzen duten kontseiluak ebatzi du eremu pribatuetan bizikideez osatutako taldeak bakarrik elkartu ahal izango direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.