Hesi lasterketa bat dirudi. Eragozpen sorta gainditu behar izaten dute sarri askotan haurraren erregistroa euskaraz egin nahi izaten duten gurasoek, eta zenbaitetan helmugara ez dira heltzen. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia eskaini du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera; ondoan nahi eta ezinean dabiltzan hainbat guraso eta gurasogai izan dituzte. Haurra euskaraz erregistratzeko bidean aurkitu dituzten eragozpenen berri eman dute. Datu kezkagarria eman dute: 2005etik legeak aitortutako eskubidea da erregistroetako inskripzioak euskaraz egitea, baina egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 230 herritan ezin da egikaritu oraindik eskubide hori.
Nafarroan, ostera, posible da. Gurasoek, hori bai, "akuilu" lana egiten jarraitu behar dute foru erkidegoan ere xedea lortzeko; halaxe lortu dute, hil honetan bertan, Barañainen haur baten jaiotza inskripzioa euskaraz egitea.