Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako biztanleen %44k Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Estatutu Proposamenak «aurrera egitea» nahi dute. Datu horren berri Eusko Jaurlaritzak kudeatutako Iritzia seihilabetekariak eman du; aldizkari horrek Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako iritzi publikoa aztertzen du, eta azken alean aurtengo apirilaren 20 eta 30 bitartean egindako 2.000 inkestaren emaitzak kaleratu ditu.
Iritzia-ren arabera, %69ren ustez, Espainiako Gobernuak onartu egin beharko luke Estatutuaren erreformaren inguruan Eusko Legebiltzarrak har dezakeen erabakia. Horren haritik, %50ek diotenez, Espainiako Gobernuan PSOE egoteak errazagoa egingo du Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenak aurrera egitea. Dena dela, PSOEn jarritako itxaropenek badute muga: EAEko biztanleen %64 Eusko Jaurlaritzako lehendakariak estatutuaren erreformaz galdetzeko legezko erreferendumera deitzearen alde daude, baina %36k bakarrik uste dute Espainiako Gobernuak erreferendumerako deialdia onartuko lukeela. Guztiarekin ere, EAEko biztanleen %65 pozik daude Espainian gobernua aldatu dela eta. Gainera, %54rentzat, hori onuragarria izango da EAEko egoera politikoarentzat.Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak elkarren artean gehiago hitz egitea nahiko lukete %95k.
Espainiako Justizian, konfiantza gutxi
Espainiako Justiziaren funtzionamenduaren inguruan EAEko biztanleen %58k iritzi negatiboa dutela diote. Gainera, %45ren aburuz, gero eta lotura handiago du botere politikoarekin.
Batasunaren legez kanporatzeaz galdetzean, %42k berriro ere legezko alderdia izatea nahi luketela erantzun dute. %66 euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzearen alde daude.
Bestetik, oro har, EAEko biztanleen iritziz, Espainiako Justizia ez da behar bezain gogorra zigorrak ezartzeko orduan. «Terrorismo» auzietan, %50entzat, zorrotzagoa izan beharko luke.
%22ri ez zaie gustatzen alderdi politikoetako inor
Alderdiko politikoekiko begikotasunaren inguruan, biztanleen %22k erantzun dute inor ere ez dutela gustuko. Bestetik, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban begikoena duten alderdia EAJ da (%20k). Dena dela, azken urteetan jaitsiera jasan duela nabari da: 2001ean %27k zuten gustukoena.
PSE-EEk, aldiz, iaztik irabazi egin du begikotasunean: 2003an %4k zuten gogokoena; aurten %12k dute gustukoena. Bestalde, Aralarrek iaztik hona jaitsiera nabarmena izan du: iaz %2k zuten gustukoena; orain erdiek, %1ek. Gainerakoak begikotasunean aurreko urteko emaitzen antzekoak lortu dituzte.
EUSKO JAURLARITZAREN ESTATUTU PROPOSAMENA
EAEko biztanleen %44k nahi dute Ibarretxeren Planak aurrera egitea
Eusko Jaurlaritzak egindako inkesten arabera, %64k nahi dute Ibarretxek legezko erreferendumera deitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu