Autogobernu lantaldea martxan du Eusko Legebiltzarrak, eta estatutu berrirako proposamena lantzen ari dira —atzo bertan hitzaurrea adostu zuten EAJk eta EH Bilduk—. Estatutuan hizkuntza eskubideak jasotzea proposatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Besteak beste, honako printzipio hauek proposatuko ditu: euskara berezko hizkuntza izendatzea, lehentasuna izatea, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea, eta euskaraz jakiteko eskubidea eta betebeharra jasotzea estatutuan.
Hizkuntza propioa jakiteko eskubidea eta betebeharra ezarria dute beste estatutu batzuek —Kataluniakoak, adibidez—, eta hori lortzeko bi bide estatutuan bertan sartzea proposatu du Kontseiluak: batetik, derrigorrezko irakaskuntza amaitzerako "ahozko zein idatzizko ezagutza egokia" izatea ikasleek, eta, bestetik, helduen euskalduntzea doakoa izatea (jarraitu irakurtzen bideoaren ondoren).
Donostiako Miramar jauregian aurkeztu dute proposamena; han du egoitza Eusko Ikaskuntzak, eta, hain justu, dokumentua haren esku utzi du Kontseiluak. Eusko Ikaskuntzak martxan du autogobernuari buruzko gogoeta bat, eta herritarrekin prozesu bat hasiko dute; hor aztertuko dute Kontseiluaren proposamena.
Eusko Legebiltzarraren esku ere utziko du dokumentua Kontseiluak, autogobernu lantaldearen gogoetan euskararen gaia sar dezan. Ez dute artikulukako proposamenik egin: estatutuan jaso beharreko printzipio nagusiak bildu dituzte. Honako hauek dira:
1. Estatusa. Euskara ofiziala izatea lurralde osoan, eta berezko hizkuntza izendatzea. Euskara izatea administrazioko erabilera normaleko eta lehentasunezko hizkuntza.
2. Hizkuntzarengatiko bereizkeria. Ez onartzea hizkuntzarengatiko bereizkeriarik.
3. Euskararen sustapena. Botere publikoek euskara babestea eremu eta sektore guztietan, eta erabilera, ezagutza eta zabalkundea sustatzea.
4. Euskara erabiltzeko eskubidea. Herritarrei hizkuntza hautua bermatzea. Neurriak hartzea eskubideak egikaritzeko eta betebeharrak betetzeko. Euskara erabiltzea babesgabetasunik eta atzerapenik ez sortzea. Administrazioko langileek euskararen ezagutza maila egokia egiaztatzea.
5. Euskara ezagutzeko eskubidea eta betebeharra. Herritar guztiei aitortzea euskaraz jakiteko eskubidea eta betebeharra. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean ahoz zein idatziz ezagutza egokia izateko eskubidea eta betebeharra izatea. Euskara ikastea doakoa izatea herritar guztientzat.
6. Bestelakoak. Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin harremanak garatzea. Aplikazio irizpideak arautzeko eskumena izatea Jaurlaritzak. Gizarte eragileak aholku emaile izatea. Hizkuntza eskubideek berme instituzionalak, normatiboak eta juridikoak izatea.