Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak erabaki du aintzat hartzea Espainiako Gobernuak jarritako salaketa. EAEko Etxebizitza Legearen atal batzuk Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla uste du PPren gobernuak. Behin auzitegiak salaketa hori aztertzea onartuta, automatikoki etenda geratzen da legea.
Besteak beste, Madrilek ez ditu onartu etxe hutsak okupatzeari, bankuei etxeak desjabetzeari eta isunak jartzeari buruzko atalak. "Neurri hauek eragina edukiko dute kreditu erakundeetan eta hipoteka merkatuan, eta urratu egiten dute estatuak jardun ekonomikoaren oinarriak zehazteko eta koordinatzeko duen eskumena".
Eusko Legebiltzarrak onartutako beste lege bat ere mahai gainean du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak: fracking-a mugatzekoa. Gobernuak joan den astean erabaki zuen helegitea jartzea. Auzitegiak tramitera onartzen duenean, etenda geratuko da lege hori ere, harik eta ebazpena iritsi arte.