Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuorde Gurutz Larrañagak eta Gazteria zuzendari Xabier Santxetzek Gazteen argazkiak 7 txostena aurkeztu zuten atzo. Bertan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen kezkak ezagutzeko asmoz Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginiko ikerketa soziologikoaren emaitzak agertzen dira. Ikerketa 2003an egin zen, eta 15 eta 29 urte bitarteko 2.552 gazte elkarrizketatu zituzten. Bost atal landu dira: gazteen bizitzarekiko poztasuna, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko iritziak, etorkinekiko jarrerak, jarrera politikoak eta egoeraren balorazioa.
bizitzarekiko poztasunaGehiengoa pozik dago daraman bizimoduarekin
EAEko gazteen gehiengoa (%93) oso pozik edo nahikoa pozik dago daraman bizimoduarekin, txostenaren arabera. Gehienen ustez, euren egoera beren gurasoek adin horretan zutena baino hobea da, eta etorkizunean izango duten egoera baikortasunez ikusten dute. Gazteei gehien eragiten dieten arazoak langabezia (%32) eta etxebizitza (%32) dira. Askoz ere gutxiago aipatu dituzte arazo ekonomikoak eta gizarte desberdintasunak (%13), hizkuntzaren egoerari lotutako arazoak (%12), indarkeria (%8) eta Euskal Herriko gatazka eta egoera politikoa (%8). Delinkuentzia, droga eta immigrazioa oso gutxik aipatu dituzte.
gizon eta emakumeen arteko berdintasunaBerdintasunaren aldeko neurri gehiagoren beharra
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren gaiari garrantzi handia ematen diote gazte gehienek eta beharrezkoa iruditzen zaie berdintasunaren aldeko neurri gehiago hartzea. Bikotekidearekin bizi diren gazteen erdiak (%55) etxeko lanak bi bikotekideen artean erdibana egiten dituztela diote. %40ak dio lan gehienak edo guztiak emakumeak egiten dituela, eta %2ak bakarrik gizonak egiten dituela. Gai horretan bada datu bitxi bat ere, familia eta lana bateratzearen alorrean. Gazteen %60ren ustez, emakumeek askotan aukeratu beharra dute lanaren eta umeak izatearen artean, eta %32aren ustez emakumeek arazo handiegirik gabe batera ditzakete bi jarduera horiek. Gizonezkoei buruz, berriz, iritzia oso bestelakoa da: %88ak uste du gizonezkoek arazorik gabe batera ditzaketela lana eta umeak izatea, eta %4k bakarrik dio aukeratzeko beharra izaten dutela.
etorkinekiko jarreraEtorkinek beste herritarren eskubide berak izan behar dituztela uste du gehiengoak
Gazteak EAEn etorkinak hartzearen nahikoa alde azaldu dira eta etorkinen kulturak, mehatxutzat baino, elementu aberasgarritzat hartzen dituzte. Gehienak honako baieztapen hauen kontra azaldu dira: «Gure gizarteko eskubide osoko kide bezala onartuak izateko pertsona horiek beren kultura baztertu behar dute; euren ohitura erlijiosoek gure bizimodua arriskuan jartzen dute; hain ezberdinak direnez, ezin izango dira inoiz gure gizarteko eskubide osoko kide bezala onartuak izan». Halaber, gazteak ados daude etorkinei euren familiak elkartzeko, nazionalitatea lortzeko eta asilo eskubidea eskuratzeko erraztasunak ematearekin. Gainera, beste herritarren eskubide berak izan behar dituztela uste duter gazte gehienek. Hala ere, gazte askok uste dute etorkinak gainerako herritarrak baino gehiago daudela delinkuentzian nahastuta, eta delitu larriak badituzte, euren herrietara bueltatzearen alde agertu dira. Etorkinekiko jarrera hobeagoa ikusten da gazteen artean, helduen artean baino.
jarrera politikoak%46k independentziaren alde bozkatuko lukete herri galdeketa batean
Gazteek interes gutxi dute politikan. Euren ustez, pertsona bat euskal herritartzat hartzeko baldintzarik garrantzitsuena euskal herritar sentitzea da (%69). Ondoren Euskal Herrian bizi eta lan egitea (%40) eta Euskal Herrian jaiotzea (%32), aipatu dituzte gehien. Euskaraz hitz egitea (%18) eta euskal familia baten ondorengoa izatea (%10), gutxiago aipatu dituzte. Halere, gazteenen artean (15-17 urte) aipagarria da euskaraz hitz egitea dela baldintza nagusiena. Halaber, gazte ugarik Euskal Herria kontzeptuan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa (Garaia eta Behea), Lapurdi eta Zuberoa herrialdeak sartzen dituzte; gutxi batzuek aldiz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Euskal Herriaren independentziari dagokionez, gazteen %46k dio balizko erreferendum batean independentziaren aldeko botoa emango luketela, beste %24k kontrako botoa emango lukete. Halaber, etorkizunerako elebitasunaren alde agertzen da gehiengoa. Azkenik, buruzagi politiko bakar batek ere ez du, 0-10 eskalan, gazteen bostekorik jaso. EBk eta ezker abertzaleko taldeek 1996an hasitako serie puntuaziorik altuenak lortu dituzte; PPk baxuena.
egoeraren balorazioaOngi ikusten dute EAEko egoera ekonomikoa eta soziala; politikoa, aldiz, ez
Gazteek ongi ikusten dute EAEko egoera ekonomikoa eta soziala, eta gaizki egoera politikoa. Beren ustez, EAEko arazo nagusienak indarkeria eta langabezia dira. Halere, hemen Espainian baino hobeto bizi garela uste dute eta beste nonbait baldintza berak balituzte ere, EAEn bizitzea nahiago lukete. %60 inguruk begi onez ikusten dute udalen, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarduna. Espainiako Gobernuarekin %62 ez daude pozik.
GAZTEDIA
EAEko gazteen kezka nagusiak etxebizitza eta langabezia dira
'Gazteen argazkiak' seriearen zazpigarren ikerketa soziologikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, 2003koa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu