GIZARTEA

EAEko janari bankuek ez dute behar guztiak asetzeko adina elikagai

Krisi ekonomikoak eraginda %50 hazi da janari eske jotzen dutenen kopurua, eta guztientzat adina bildu ezinik dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako janari bankuak. Kanpaina egingo dute datorren astean: supermerkatuetan-eta guneak jarriko dituzte, herritarrek janariak uzteko. Ehun tona biltzea dute xede.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko martxoaren 23a
12:26
Entzun

Krisi ekonomikoak eraginda, herritar gehiagok jo behar izaten dute janari bankuetara elikagai eske, eta guztiei erantzun ezinik dira haiek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako janari bankuek kanpaina bat aurkeztu dute gaur goizean, elikagaiak biltzea xede hartuta. Haien arabera, azken hiru urteetan ia %50 hazi da jatekorik ez eta eske joaten zaizkienen kopurua.

"Biltzeko ohiko bideak ez dira aski, eta kanpaina berezi batekin handitu nahi dugu jasotzen dugun janari kopurua", adierazi du Nicolas Palaciosek, Bizkaiko janari bankuko presidenteak. Datorren astean egingo dute bilketa hiru herrialdeetan, ehun tona elikagai biltzea helburu hartuta. Ostegunean, ostiralean eta larunbatean, denera 150 gune jarriko dituzte, supermerkatuetan-eta, herritarrek jatekoak utz ditzaten.

47.000 herritarri lagundu zieten iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako janari bankuek, jatekorik ez zutelako; batez beste, 94 kilo janari jaso zituen bakoitzak urte osoan. Iruzurrik ez dela izaten nabarmendu du Palaciosek, erakundeen bidez egiaztatu ondoren ematen dietelako janaria behar dutenei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.