EUSKARA

EAEko justizia arloko langileen %45ek dute egiaztatua hizkuntza eskakizunen bat

Epaile eta fiskalen artean seitik batek baino ez du betetzen. Ana Agirre sailburuordeak balorazio ona egin du, haren hitzetan gainditu egin baitituzte 2011 eta 2020 arteko Normalizazio Planaren aurreikuspenak. Aitortu du ahozko erabileran «bide luzea» dagoela egiteko.

Epaiketa bat Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko apirilaren 22a
11:55
Entzun

Justizia arloaren euskalduntzea Eusko Jaurlaritzak espero zuen baino azkarrago doa. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eman ditu datuak, gaur, ohar baten bidez, eta, jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan justizia administrazioan lan egiten dutenen %45ek dute egiaztatua euren postuari dagokion hizkuntz eskakizuna. Bigarren edo hirugarren mailako hizkuntz eskakizunak dira horiek: alegia, euskarazko B2 eta C1 mailak. Eta, kasu batzuetan, laugarren profila ere bai: hots, C2 maila.

Egoera okertu egiten da hainbat lanbide jakinetan. Auzitegi medikuntzako arloan, erraterako, %10ek baino ez dute egiaztatua eurei dagokien maila (C1). Epaile, fiskal eta magistratuen artean ere seitik batek baino ez du betea hizkuntz eskakizunen bat: 601 profesionaletatik 108k, zehazki. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du «baxua» dela euskara maila postu horietan, nahiz eta nabarmendu duen Espainiatik «eskualdatu gabeko kolektiboak» direla.

Probintzien arabera ere aldatu egiten da egoera. Gipuzkoan dago hizkuntz eskakizunen betetze maila handiena: %60k baino gehiagok dute egiaztatua. Bizkaian, %47k; eta Araban, %42k.

Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeak balorazio ona egin dio hizkuntz eskakizunen betetze mailaren bilakaerari. Izan ere, jakinarazi duenez, hamar puntutan gainditu dute 2011 eta 2020 arterako Normalizazio Planean aurreikusia zutena. Agirreren arabera, gainera, horrek eragina du gizartean: «Justizia Administrazioan elebitasunak aurrera egitea lagungarria da administrazio horrek herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko».

Jaurlaritzak nabarmendu du Justiziako funtzionarioek, «orokorrean», lehen baino euskara gehiago dakitela eta erabiltzen dutela, eta zehaztu du areagotzea bereziki nabarmena dela EAEko administraziora eskualdatutako kolektiboen artean: Laguntza Judiziala, Izapide Prozesal eta Administratiboa, Kudeaketa Prozesala eta Auzitegiko Medikuntza daude horien artean. Agirrek ohartarazi du, gainera, Justizia Administrazioa «gainerako funtzio publikoa baino geroago» sartu zela Eusko Jaurlaritzak sustatutako euskalduntze politiketan. Haren arabera, justiziako langileen «idiosinkrasiak» eta Espainiako Estatuaren sistema judizialaren antolaketak eragindako zailtasunek «moteldu» egin dute euskalduntze prozesua.

Agirien %61, euskaraz

Langileen hizkuntz eskakizunetan ez ezik, idatzizko dokumentuetan ere nabari da euskararen presentzia handiagoa. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, hain zuzen, Justizia Administrazioak sortutako agiri guztien %35 ziren euskaraz planaren hasieran, eta %61 dira orain. Jaurlaritzaren arabera, aitzinamendu hori orokorra izan da jurisdikzio eta lurralde guztietan, proportzio ezberdinetan izanagatik. Agirrek nabarmendu du igoera horren atzean Euskara Batzordeak agiriak estandarizatzeko egindako lana dagoela: «Urtean 200 baino gehiago». Informatikaren aurrerapenak ere eragina izan du horretan; erraterako, JustiziaBat aplikazioak.

Ahozkoan motelago ari dira, ordea, Agirrek berak aitortu duenez: «Oraindik bide luzea dago egiteko herritarrek arreta eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko duten eskubidea bermatzeko» —ez du datu zehatzik eman—. Jaurlaritzak jakinarazi du egoera hori «arintzeko» lantaldeak eta sareak sortu dituztela, eragile juridiko guztiekin eta gainerako funtzionario judizialekin, herritarrek «gai jakin bat hasieratik bukaerara, hau da, demanda edo salaketa bat aurkezten dutenetik epaia eman arte, euskaraz izapidetu ahal izateko duten eskubidea bermatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.