EAEko Udalen Legeak euskararen erabilerari buruz dakarren artikulu bat auzitan jarri zuen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeelakoan. Zehazki, Administrazioarekiko Auzien Salak ondorioztatu zuen legeak «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala gauzatzea eragotzi» dezakeela, eta argudioak eskatu dizkie aldeei. Euskalgintzaren Kontseiluak erantzun egin dio gaur EAEko auzitegiari, eta adierazi du «euskaldunen eskubideak murrizteko joera atzerakoia» nagusitzen ari dela: «Azken boladan hainbat auzitegitatik, eta oro har botere judizialetik, aurrera garatzen ari diren joera atzerakoiei segida ematen die Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak».
Kontseiluak azaldu duenez, hain zuzen, maiatzean Irungo Udaltzaingorako lan deialdietatik«hizkuntza eskakizunak atzera bota zituen areto beretik» dator erabakia, eta orduan ere Kontseiluak salatu zuenez, «botere judizialak beste behin bere eskumen bihurtu nahi du hizkuntza politika, berez dagokion debate politikoaren eta parlamentarioaren esparruetatik erauziz».
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak salatu du «egungo marko juridikoaren irakurketa berritua» egiten ari direla epaitegiak, «jurisprudentziaren bidez euskaldunon eta oro har egoera gutxituan dauden berezko hizkuntzetako hiztunen eskubideak murrizteko».
«Ofizialtasunaren printzipioa»
Kontseiluaren arabera, «ofizialtasun printzipioaren» aurka egiten du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako azken erabakiak: «Gaztelania ez diren gainerako hizkuntza ofizialek maila baxuagoko estatusa dutela berretsiko da, hau da, indarrean dagoen ofizialtasuna ez dela simetrikoa». Kontseiluaren ustez, hain zuzen, auzitegiaren «tesiek» aurrera eginez gero ,«agerian» geldituko da hizkuntza ofizialak «bi mailatan» sailkatzen dituztela: «Gaztelania eta gainerakoak». Kontseiluaren iritziz, «lehen eta bigarren mailako herritarrak bereiztea» litzateke hori.