Aktak euskaraz egiteak konstituzioa urra dezake, EAEko auzitegiaren ustez

EAEko Udalen Legearen artikulu batek «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala» eragotz dezakeelakoan, Administrazioarekiko Auzien Salak azalpenak eskatu dizkie aldeei

Kontseiluak dozenaka lagun bildu zituen Auzitegi Nagusiaren aurrean maiatzean, Irungo epaia salatzeko. M. RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano - Iñaki Agirre Perez
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
EAEko Udalen Legeak euskararen erabilerari buruz dakarren artikulu bat auzitan jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeelakoan. Zehazki, Administrazioarekiko Auzien Salak ondorioztatu du legeak «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala gauzatzea eragotzi» dezakeela, eta argudioak eskatu dizkie aldeei.

Voxek jarritako helegite batetik dator auzia: Udalen Legea garatzeko, Eusko Jaurlaritzak 2019an onartu zuen dekretu bat eraman du epaitegira, hizkuntza ofizialak udaletan nola erabili arautzen duena. Auzitegiak, ordea, Udalen Legearen 6.2 artikuluan jarri du arreta, konstituzioaren aurkakoa izan daitekeelakoan.

Artikulu horrek zehazten du toki erakundeetako aktak eta beste zenbait agiri euskaraz idatz daitezkeela, «baldin eta, toki erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira». Bada, Auzitegiak ondorioztatu du puntu hori konstituzioaren 3. eta 14. artikuluen aurkakoa izan daitekeela, «gaztelaniaren erabilera mugatu» egiten duelako «interesdunak euskaraz ez dakien egoeretara», eta, beraz, «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala» urra dezakeela. Gainera, auzitegiaren ustez, artikulu horrek udalen esku uzten du euskaraz ez jakitearen justifikazioa onartzea, «horretarako irizpiderik ezarri gabe».

Auzitegi Nagusiko salak hamar eguneko epea eman die aldeei eta fiskalari, gaiari buruzko azalpenak aurkez ditzaten; zehazki, eskatu die argudioak eman ditzaten «inkonstituzionalitatea planteatzearen egokitasunaz» eta auziaren funtsaz. Ondoren, salak uste badu artikulu horrek konstituzioa urratzen duela, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman dezake legea.

Edonola ere, ez da udal aktekin azken urteetan izandako auzi bakarra. Mariano Rajoy (PP) Espainiako gobernuburu zenean, Carlos Urkijo EAEko gobernu ordezkariak gurutzada propioa hasi zuen aktak euskaraz idazten zituzten udalen aurka. Haien erabakien berri gaztelaniazko itzulpenik gabe ematen zioten udalen dokumentuak ez-hartutzat jotzen hasi zen, eta, agiri horiek bidaltzea derrigorrezkoa zenez, legea ez betetzea egotzi zien udalei. Hala, dozenaka udal salatu zituen, batik bat Udalerri Euskaldunen Mankomunitatekoak.

Alabaina, 2015ean, Donostiako Auzitegiak lehenik eta EAEko Auzitegi Nagusiak ondoren, ebatzi zuten legezkoa zela udalek aktak euskaraz egitea eta gobernu ordezkariari hizkuntza horretan bidaltzea. Ostera, Eusko Legebiltzarrak Udalen Legea onartu zuen 2016an, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozekin, eta, haren bitartez, euskararen erabilera bermatu zuten erakundeen arteko harremanetan, «beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe».

Irungo kasuko areto bera

Udalen Legeko artikulua zalantzan jarri duen areto berak bertan behera utzi zituen maiatzean Irungo (Gipuzkoa) Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirelakoan. Ekain amaieran, Irungo Udalak helegitea jarri zion ebazpenari, bai EAEko Auzitegi Nagusian bertan, baita Espainiako Auzitegi Gorenean ere.

Ebazpenaren harira, Jaurlaritzak berretsi zuen lan deialdi bat zetorrela indarrean dagoen legediarekin; Gipuzkoako Foru Aldundia ere epaiaren kontra agertu zen. Herritarrak ere aurka azaldu ziren: Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, dozenaka lagun batu ziren Bilbon, hain justu, Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean. Voxek, bestalde, orduan iragarri zuen hizkuntza eskakizunei helegiteak jartzen hasiko zitzaiela, lanpostuak jendaurrekoak ez direnean.

«Epaien bidezko politika»

Auzitegitik heldu den azken albistearen harira, epaien bitartez hizkuntza politikan eragiteko borondatea izatea leporatu dio Kontseiluak botere judizialari. Paul Bilbao idazkari nagusiak gogoratu duenez, Irungo kasua ez da bakarra: iaz Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi zuen Lasarte-Orian (Gipuzkoa) udal diru-laguntzak jasotzeko haurrentzako jarduerak euskaraz egitera behartzen zuen baldintza.

«Azken urteetan botere judiziala ari da nolabait hizkuntza politiken eskumena hartzen, eta gaur egungo esparru juridikoaren irakurketa berri bat planteatzen», adierazi du Bilbaok. Hala, jurisprudentziaren bidez auzitegiek hizkuntza politika «murriztaileago» bat «ezarri» nahi dutela azaldu du.

Gainera, Kontseiluko idazkari nagusiaren ustetan, «kasu honetan berariaz auzitan jartzen da hemen benetan bi hizkuntzak ofizialak direla». Izan ere, nabarmendu du aktak gaztelania hutsean idazteak ez duela urratzen printzipio konstituzionalik, baina, auzitegien iritziz, agiriak euskaraz idaztea konstituzio beraren aurkakoak izan daitekeela: «Horrek berresten du hemen ez dela egia hizkuntza ofizialak kategoria berekoak direnik; badago hizkuntza nagusi bat, gaztelania, eta gero badaude bestelako hizkuntza ofizialak, hala nola euskara».

Horren atzean, gaztelania ez diren hizkuntza ofizialak «bigarren mailakotzat» hartzeko borondatea ikusten du Bilbaok. Hori salatzeko beharra azpimarratu du: «Hizkuntzen sailkapen hori herritarren eremura ekartzen badugu, lehen eta bigarren mailako herritarrak izango ditugu, eta hori onartezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.