USTELKERIA PP-N

EAEko PPk ukatu egin du Bilboko egoitza diru beltzez ordaindu izana

Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Pablo Ruz epaileari emandako agiri batzuen arabera, PPk legez kanpo eskuratutako dohaintzekin pagatu zuen Bizkaiko hiriburuan duen egoitza, 1999 eta 2005 artean.

jon olano
2013ko uztailaren 18a
20:03
Entzun

Iñaki Oiarzabal Euskal Autonomia Erkidegoko PPko idazkari nagusiak ziurtatu du alderdiak ez duela Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren eskutik dirurik jaso; Oiarzabalek aitortu du 1989az geroztik diru laguntzak jasotzen dituztela Espainiako PPtik, baina horiek alderdiaren funtzionamendurako eta hauteskunde kanpainak egiteko erabiltzen dituztela gaineratu du.

Agiriak eskuan zituela egin du agerraldia Oiarzabalek. Adierazi du EAEko PPk ordaintzen dituela Donostia, Bilbo eta Gasteizko egoitzak. 1999tik Bilboko egoitzaren hipoteka pagatzeko egindako ordainketak ezagutarazi ditu: "Ez dugu ezer ezkutatzeko; kontuak garbi, garden aurkezten ditugu".

PP "azalpen asko" ematen ari dela uste du Oiarzabalek, eta "erabateko konfiantza" azaldu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekiko.

"Beltzean" erosia, Barcenasen arabera

Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Auzitegi Nazionaleko epaileari adierazi zion Barcenas bera arduratzen zela Euskal Autonomia Erkidegoko PPri dirua emateaz, Bilboko egoitzaren zorra ordain zezaten. Gaineratu zuen Bilboko egoitzaren hipoteka ordaintzen ari ziren urteetan, 1999 eta 2005 artean, PPk "diru asko zuela", dohaintzen ondorioz.

Bilboko Kale Nagusiko 89. atarian du egoitza PPk. Barcenasek zehaztu zuenez, 60.000 eurotik beherako transferentziak egiten zituen Banco de Vitoriak Madrilen duen egoitza batean, eta hauteskundeetarako gastuak ordaintzen zituzten diru horrekin, batez ere. EAEko PPren kasuan, egoitza pagatzeko erabili zuten diru hori, Barcenasen arabera.

Informazio horren arabera, 1999an hasi ziren transferentzia horiek egiten, EAEko PPko presidente Carlos Iturgaitz zela. 2005ra arte iraun zuten ordainketek, eta Maria San Gilek hartu zuen presidente kargua 2004an.

Equo, azalpen eske

Bilboko egoitzari buruzko informazioen inguruko xehetasunak emateko eskatu dio Equok PPri. Equok "oso larritzat" jo ditu Barcenasen adierazpenak, eta dei egin du gaur PPk Donostian eta Gasteizen dituen egoitzen aurrean egingo dituzten elkarretaratzeetara joatera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.