EUSKARA

EAEko Udal Legea “urrats garrantzitsutzat” jo du Uemak

Udalerri euskaldunentzat “aukerak” handitu egin direla uste du mankomunitateak. Nafarroan ere gisa bereko pausoak eskatu dituzte.

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko apirilaren 19a
09:06
Entzun

Hamarkadetako atzera-aurreren ondoren, hileon onartu eta indarrean jarri dute EAEko Udal Legea. Udalen eskumenak eta finantzaketa argitu du arauak, eta euskararen arloan ere zehaztu du udalen joko esparrua. Besteak beste, udalei aitortu die hizkuntza politikarako eskumena, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzea ezarri du, erabat euskaraz egindako dokumentuak balekotzat jo ditu, eta hirigintza planek euskararentzat duten eragina aztertu beharra ezarri du.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak “balorazio positiboa” egin du legearen edukiaz. “Denbora luzean sukaldean aritu diren alderdien lana aitortu eta eskertu nahi dugu”. Josu Labaka lehendakaria buru, agerraldia egin dute Uemako zuzendaritzako kideek, Orion (Gipuzkoa). Hain justu, herri horretan egin dute lehen aldiz eragin linguistikoaren ebaluazioa, hirigintza planak alde soziolinguistikotik izango lukeen eragina aztertzeko.

Uemari zuzenean eragingo dion neurri bat ere badago Udal Legean: erabat bermatu du Ueman sartzeko eskubidea. Orain arte, trabak izan dituzte udal batzuek, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak auzitara eraman baitu Uemako kide izateko erabakia.

Udal Legean euskarari buruz jasotakoak “Uemak egindako bidearen eta lanaren isla” direla azaldu du Labakak, eta “urrats garrantzitsua” dela araua egin izana. Nafarroara begira ere jarri dira: “antzeko urratsak” eskatu dituzte han ere.

Udalentzat “aukerak” zabaldu dira Udal Legearekin, eskumenak zehaztuta. Zer egina badagoela nabarmendu du Uemak: “Lana ez da amaitu. Udalak euskaldunagoak dira orain, baina udalerri euskaldunak erdalduntzen ari zaizkigu”. Hori dela eta, arnasguneentzat “lege babes propioa” eskatu dute: “Euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideek berdina beharko lukete Euskal Herri osoan, baina gaur egungo errealitate soziolinguistikoak hizkuntza politika ezberdinak egitea eskatzen du ezinbestean”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.