EAEn pentsioak eta gutxieneko soldata uztailetik aurrera parekatuko dira

Gizarteratzeko II. Planaren berrikuntzak erraztuko dituen legea 2008ko lehen lauhilekoan onartuko da

Jon Rejado.
2007ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Uztailetik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsioak lanbidearteko gutxieneko soldatarekin (LGS) parekatuko dira osagarri zehatz baten bitartez. Gizarteratzeko II. Planaren baitan dagoen neurri hori 2008ko bigarren erdian abian jartzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Osagarriak banatu ahal izateko Diru Sarreren Bermerako eta Gizarte Bazterketarako Legea onartu behar da, eta hori egiteko 2008ko apirilera arteko epea ezarri du Eusko Legebiltzarrak.

14.000 familiak baliabide ekonomikoak handituko dituzte osagarri horri esker, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu duenaren arabera. Oinarrizko errenta 7.029 eurokoa da urtean, eta 7.988 euro urte honetako LGS. Azken hori da 2008ko uztailetik aurrera pentsiodunek jasoko duten gutxieneko dirua urtean. Datorren urtearen lehen lauhilekoan onartuko den legeak zehaztuko du nola banatuko den kopuru hori, hamabi ordainketetan edo hamalau ordainketetan aparteko ordainsariak barne. Datorren urtean, 6,6 milioi euro bideratzea espero du Jaurlaritzak osagarri horretara, eta 2009an, berriz, 31,9 milioi euro.

Eusko Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordean eztabaidatu zen atzo Eusko Jaurlaritzak ekainean onartu zuen Gizarteratzeko II. Plana. 2007tik 2009ra arteko epean EAEn pobrezia larrian dauden pertsonen kopurua %3,7tik %3ra jaisteko helburu nagusia du plan horrek. Hemezortzi ebazpen onartu zituzten legebiltzar taldeek, hirukoaren (EAJ, EA eta IU) eta PSE-EEko legebiltzar taldearen babesari esker. Hirukoarenak izan ziren zortzi ebazpen, PSE-EErenak zazpi, EAB legebiltzar taldearenak bi eta bat Aralarrena. PPko Legebiltzar taldeak, aldiz, plana Eusko Jaurlaritzarrera itzultzea eskatu du.

Hirukoaren ebazpenak izan ziren, hain zuzen ere, planaren berrikuntzak ezartzeko epeak zehaztu zituenak. Pentsioak LGSrekin parekatzeko osagarriaz gain, etxebizitza osagarria deitutakoa uztailetik aurrera ezarriko du Eusko Jaurlaritzak. Etxebizitza ordaintzeko baliabide ekonomiko aski ez duen pertsonari osagarri horren bidez lagunduko zaio, eta, bide batez, laguntza hori Gizarte Larrialdietarako Laguntzetatik (GLL) aterako da. GLLek aurrekontu mugatua dute, eta, onartu den osagarriaren bitartez, osagarriak ez du aurrekontu mugarik izango. Osagarria uztailean abian jarriko bada ere, etxebizitzarako laguntza GLLn bidez banatuko da ordura arte. Datorren urtean, 47,6 milioi euro bideratzea espero du Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, eta 51,9 milioi euro 2009an.



LEGEA, OINARRI. Pentsioak LGSrekin parekatzeko osagarria eta etxebizitza osagarria abian jarri ahal izateko Gizarte Bazterketaren Aurkako Legea eta Gizarte Eskubideen Agiria moldatuko ditu Eusko Legebiltzarrak, lege bidez. Lege horren garrantzia azpimarratu zuen atzo Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, politikak eskubide bihurtuko ditu-eta lege horrek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte laguntzak berdintzen lagunduko duela ere azaldu zuen, orain arte aldeak baitzeuden probintziaren arabera.

Instituzioen arteko harremana sendotu nahi izan zuen hirukoak ebazpenen bitartez. Urteko planifikazioa udalekin eta Aldundiekin koordinatuta egiteko eskatu zuen, betetzen dena eta ez dena jakiteko. Instituzioen arteko harremanaren inguruan udalek gizarteratze politikak hobe ditzaten ebazpena aurkeztu zuen PSE-EEk, laguntzak emanez.

Gizarteratze II. Planak, aurrekoak bezala, laneratzean oinarritzen du neurri handi batean pobrezia larrian daudenen kopurua jaisteko ahalegina. Laneratzeko aukera izan arren zailtasun bereziak dituzten multzoei arreta berezia eskaini zieten legebiltzar talde gehienek. Gazteei bideratutako neurri zehatzak eskatu zituzten ebazpenen bidez hirukoak eta Aralarrek. 23 urte baino gutxiago dituztenentzat Auzolan programa berezia jartzea eskatu zuen hirukoak. Klasera maiz joaten ez diren gazteei ikasten jarraitu eta laneratzearen aldeko programak indartzea eskatu zuen Aralarrek.

Oinarrizko zerbitzuak bermatzeko eta Euskal Herriko estandarrekin bat datorren pobreziaren muga zehazteko eskatu zuen EABk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.