Politika

EAEren eta Nafarroaren harreman instituzionalak normalizatzearen alde agertu da Alli

EAE Euskal Autonomi Erkidegoaren eta Nafarroaren artean harreman instituzionalik ez dagoela azaldu du gaur Juan Cruz Alli CDN alderdiko presidenteak, eta egoera hori ez zaiola egokia iruditzen erantsi du. Hain zuzen ere, bi lurralde horietako harreman instituzionalak normalizatzearen alde agertu da, "bi erkidegoen arteko lotura, arlo ekonomikoan eta kulturalean ez ezik, pertsonalean ere oso handia baita". Eusko Jaurlaritzaren elkarbizitzarak proposamenaren bidez, Ibarretxe lehendakariak ez duela nafarrei "ezer inposatzeko asmorik" iritzi dio, eta baieztapen horretan oinarrituta UPNk "kanpaina engainagarria" egiten duela esan du.

2003ko irailaren 9a
15:52
Entzun
Radio Euskadin elkarrizketatu dute gaur goizean CDNko buruzagi nagusia. Ibarretxe lehendakariaren proposamenak Nafarroan izan dezakeen eraginari garrantzia kendu dio Allik: "bereziki, Euskal Autonomi Erkidegoan dago zentratuta Ibarretxeren proposamena, eta Nafarroa ez da Euskal Autonomi Erkidegoa; nafarren gehiengoak, gainera, ez dugu hala izaterik nahi", azpimarratu du.

Ildo horretatik, Ibarretxe Plana "euskal nazionalismoaren" proiektua dela nabarmendu du, eta, beraz, ez diola Nafarroari eragiten. Halaber, Jaurlaritzako lehendakariak ez duela "nafarrei ezer inposatzeko zilegitasunik" esan du, eta, gainera, Ibarretxek ez duela "nafarrei ezer inposatzeko asmorik".

"Ibarretxe planak guztiz errespetatzen du Nafarroako errealitate instituzionala, Nafarroak demokratikoki erabakiko duela esaten baitu, eta hori baita Konstituzioak xedapen gehigarrian esaten duena, Nafarroako Amejoramenduak esaten duena, eta Estatutuak esaten duena", argudiatu du CDNko presidenteak. UPNk, ordea, kontrako mezuaematen duela onartu du Allik; hots, Ibarretxeren proposamena nafarren aurkako inposaketa plan baten gisan aurkezten duela: "UPNk gai horren inguruan kanpainak antolazen ditu, eta hori herritarrak engainatzea da", azpimarratu du.

Nafarroako eta EAEko erakundeen artean dagoen harreman gabezia ez zaio egokia iruditzen CDNko buruari: "Idiazabal Gaztaren eta Errioxako ardoaren jatorri izendapen kontseiluetan parte hartzera mugatzen da bi erkidegoen arteko harremana; gainerakoan, ez dago harreman instituzional formalik. Erakundeen ardura nik izan nuenean gizartean normala zena politikan normal egiten saiatu nintzen, Nafarroaren eta EAEren artean lotura handiak baitaude, arlo ekonomiko eta kulturalean ez ezik, baita pertsonalean ere. Zenbat nafarrek daukagu familia Gasteizen, Bilbon edo Donostian? Nik uste dut gehiengoak, eta alderantziz berdin".

Egoera hori zuzendu egin behar dela defenditu du Allik. "Elkarlan harremanak instituzionalki normalizatu egin behar dira, eta Estatutuak eta Amejoramenduak aukera hori jasotzen dute. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu duen bezala., Estatu autonomikoaren oinarrizko printzipioa da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.