Larunbatean Bilbon Espainiako hezkuntza erreformaren aurka eta hezkuntza Euskal Herritik egituratzearen alde egitekoa duten manifestazioan ez du parte hartuko EAJk. Alderdiko iturriek adierazi dutenez, ordezkaritza ofizialik ez bidaltzea erabaki dute, baina afiliatuei eta jarraitzaileei azaldu diete askatasuna daukatela parte hartzeko. Erreformaren aurka egingo duela berretsi du EAJk, baina beste bide batzuetatik egin nahi du, ez manifestazioen bidez. Deialdia gaizki ez du ikusi, nolanahi ere, eta alderdikideei ez die trabarik jarriko parte hartzeko.
Finean, PSE-EEren hautu berbera egin du EAJk. Sozialistek ere ez dute era ofizialean parte hartuko, baina afiliatuei horretarako aukera emango die. Areago, alderdi horretako iturriek diote jakin badakitela PSE-EEko kide batzuk han izango direla. Nor diren ez dute argitu. Kontuan hartzekoa da, manifestazioak izandako babes zabalaren erakusle, han izango direla CCOO eta UGT sindikatuak. Deitzaileen artean daude Ikastolen Elkartea, ELA, LAB, EILAS, Sortzen Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak.
Larunbatean 17:30ean abiatuko da manifestazioa Jesusen Bihotzaren plazatik. Ikastetxe batzuetan hasita daude autobusak-eta antolatzen. Aurrez, ostegunean, Wert legea onartzekoa du Espainiako Kongresuak.