UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

EAJ garaile batzar nagusietan eta Gasteizen ez beste hiriburuetan, Soziometroaren arabera

EH Bildu litzateke bigarren indarra hiru batzar nagusietan eta Bilbon. Gasteizen, PP litzateke bozkatuena.

Botopaperak Donostiako hautesleku batean, 2015eko udal eta foru hauteskundeetan. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2018ko urriaren 26a
16:50
Entzun

Udal eta foru hauteskundeak orain egingo balira, EAJ litzateke indar politiko nagusia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan, eta baita Donostiako eta Bilboko udaletan ere. Boto asmoari buruzko soziometroa argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, eta, horren arabera, jeltzaleek batzar nagusi nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu guztietan egingo lukete gora, 2015eko bozekin alderatuta.

Gasteiz litzateke EAJ nagusitzen ez den udal bakarra, PPk eutsiko liokeelako indar bozkatuen gisa. Hala ere, PPren boto portzentajeak nabarmen egingo luke behera, EAJ haziko litzatekeen neurri berean, eta bi indarrak berdinduta leudeke zinegotzi kopuruan: zazpina.

Bigarren indarra EH Bildu litzateke hiru batzar nagusietan. Koalizio subiranistak gora egingo luke Bizkaian eta Araban, eta apalago Gipuzkoan. Hiriburuetan, berriz, Bilbon jarraituko luke bigarren indarra izaten, baina, Gasteizen, bigarrenetik hirugarrenera jaitsiko litzateke (EAJk aurreratuta). Donostian, hirugarren indar gisa jarraituko luke, baina soziometroak beherakada iragarri dio boto portzentajean.

Kontrara, PPk batzar nagusi eta hiriburu guztietan egingo luke behera, eta indar txikiena litzateke Gasteizen eta Araban ez gainerako erakundeetan.

Bestalde, EH Bilduk jakinarazi du 60 alkate inguru hautatzeko barne prozesua abiatu duela, Nafarroako Parlamenturako zerrendako lehen postuak eta Europako hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko prozesuekin batera. Hautagai bat baino gehiago dagoen kasuetan, hautagaiek "aukera berdintasunean eta baliabide berekin" lehiatzeko baliabideak jarriko ditu eskura indar subiranistak, "kanpaina irekia eta gardena izateko helburuarekin".

PSEk, berriz, bihar aurkeztuko ditu Cristina Gonzalez Arabako ahaldungai nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkategaia.

Boto estimazioa, 2015eko emaitzekin alderatuta (Elkarrekin Podemosen emaitzak, Ahal Dugu eta Irabaziren batura kontuan hartuta):

Araba:

EAJ: %25,9 (+4) // EH Bildu: %21,9 (+1,2) //  PP: %19,2 (-3,1) // Elkarrekin Podemos: %13,8 (-4,7) // PSE: %11,9 (-0,6) // Ciudadanos: %3

Bizkaia:

EAJ: %41,5 (+3,3)  // EH Bildu %19,6 (+0,5) // Elkarrekin Podemos: %13,4 (-4) //  PSE: %12,0 (-0,65) // PP: %7,8 (-%0,5)

Gipuzkoa:

EAJ: %35,0 (+2,9) // EH Bildu: %29,3 (+0,04) // PSE: %14,2 (-2,5) // Elkarrekin Podemos: %12,4 (-2,2) // PP: %5,5 (=)

 

Bilbo:

EAJ: %42,3 eta 14 zinegotzi (+2,3 puntu eta +1 zinegotzi) // EH Bildu: %13,0 eta 4 zinegotzi (-1,3 puntu eta zinegotzi kopuru bera) // Elkarrekin Podemos: %14,0 eta 4 zinegotzi (-1,2 puntu eta zinegotzi kopuru bera) // PSE: %12,1 eta 4 zinegotzi (-0,06 puntu eta zinegotzi kopuru bera) // PP: %11,8 eta 3 zinegotzi (-0,8 puntu eta -1 zinegotzi)

Donostia:

EAJ: %32,3 eta 10 zinegotzi (+2,2 puntu eta +1 zinegotzi) //  PSE: %21,0 eta 6 zinegotzi (-3,9 puntu eta -1 zinegotzi) // EH Bildu: 19,5 eta 6 zinegotzi (-1,7 puntu eta zinegotzi kopuru bera) // Elkarrekin Podemos: %12,8 eta 3 zinegotzi (+5,6 puntu eta +1 zinegotzi) // PP: %8,0 eta 2 zinegotzi (-1,6 puntu eta -1 zinegotzi)

Gasteiz:

PP: %24,5 eta 7 zinegotzi (-5,5 puntu eta -2 zinegotzi) //  EAJ: %21,8 eta 7 zinegotzi (+5 puntu eta +2 zinegotzi) // EH Bildu: %19,7 eta 6 zinegotzi (-1 puntu eta zinegotzi kopuru bera) // Elkarrekin Podemos: %13,5 eta 4 zinegotzi (-0,5 puntu eta +1 zinegotzi) // PSE: %12,4 - 3 zinegotzi (+0,3 puntu eta -1 zinegotzi)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.