EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Iñigo Urkullu izango da lehendakaria. Argi irabazi ditu bozak, 27 eserleku eskuratuta. Sei ordezkari gutxiago izango ditu bigarren indarrak: EH Bilduk. Ezkerreko abertzaleek inoiz izan duten ordezkaritzarik handiena izango dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ganberan: 21 eserleku izango dituzte. PSE-EEk gainbehera handia izan du: duela hiru urte baino 106.173 boto gutxiago lortu ditu, eta hirugarren indarra izango da 16 eserlekurekin. PPk ez du galera handirik izan, eta 10 eserleku izango ditu aurrerantzean.
Argi dago Urkullu izango dela lehendakaria, hala ez izateko modu bakarra EH Bilduk PSE-EErekin eta UPDrekin edo PPrekin bat egitea izango bailitzateke. Argitzeko dagoena da jeltzaleek gutxiengoan eta bakarrik gobernatuko duten, unean uneko akordioak eginda, edo koalizioren bat osatuko duten gehiengoa batuz. Horretarako aukera du PSE-EErekin bat eginda, baita EH Bildurekin elkartuta ere. PSE-EErekin 43 eserleku batzen ditu, eta koalizio abertzalearekin, 48 —38 behar dira gehiengo osorako—. Datu horiek kontuan hartuta, nabarmen abertzalea izango da datorren legebiltzarra. 1990tik hona izan den abertzaleena.
Duela lau urte baino 16.034 boto gutxiago lortu ditu EAJk —botoa emateko eskubidea 57.363 lagun gutxiagok izan zuten atzo—. Aurreneko indarra izan da Araban. PPk azken bozetan —iazko foru hauteskundeetan eta Espainiako gorteetakoan— izandako nagusitasuna galdu du, beraz. EAJ ez ezik, EH Bildu eta PSE-EE ere PPren aurretik gelditu dira.
Bizkaian ohikoa duten nagusitasunari eutsi diote jeltzaleek. Botoen % 38,48 eta 11 eserleku eskuratu dituzte. Gipuzkoa izan da nagusi izan ez diren lurralde bakarra. Baina han ere ez du asko falta izan; EH Bilduk baino 482 boto gutxiago besterik ez ditu lortu.
Iaz egin ziren foru hauteskundeekin eta Espainiako gorteetakoekin alderatuta, boto gehiago lortu ditu EAJk. Foru hauteskundeetan baino 50.022 boto gehiago eta Espainiako Gorteetakoetan baino 59.248 gehiago. Ezkerreko koalizio abertzaleak, bestalde, behera egin du boto kopuruari begiratuta. Foru hauteskundeetan Bilduk eta Aralarrek jasotako botoak batuta, 310.515 zituzten hiru lurraldeetan, eta Amaiurrek Espainiakoetan, 285.290. Atzo 276.989 lortu zituzten. PPk Espainiako Gorteetako bozetan baino 80.890 boto gutxiago jaso zituen atzo, eta PSE-EEk 43.074 gutxiago.
Boto kopuruan behera eginda ere, ezkerreko sentsibilitate abertzalea bigarren indarra izango da legebiltzarrean. 1980an HB bigarren indarra izan zen, baina gainerako boz guztietan konstituzionalistak sartu dira bigarren lekuan: 1998an PP; besteetan, PSE.
Gainbehera handia izan du PSE-EEk, historian aurreneko aldiz lehendakaritza eskuratu eta gero. Hiru urteren ostean, herritarrek ez diote eman 2009an emandako konfiantzarik. 2009ko bozetan D3Mren zerrenda baliogabearen botoak kontuan hartuta 23 eserleku egokitzen zitzaizkion PSE-EEri, eta orduan baino zazpi gutxiago lortu zituen atzo; 106.173 boto gutxiago. Hori kontuan hartuta, Bizkaian bi galdu ditu, Araban hiru eta Gipuzkoan bi.
PPk nola edo hala eutsi egin die duela lau urteko emaitze:, orduan baino 16.241 boto gutxiago lortu ditu, eta orduan D3Mren botoak kontutan hartuta zegozkion 11 eserleku baino bat gutxiago eskuratu du orain. Espainiako Gorteetako bozetako emaitzekin alderatuz gero, berriz, beherakada handia egin du. Orduan 210.797 boto lortu zituen, eta atzo,129.907.
Txikiak desagertuta
Lau alderdi handien artean erabaki dute herritarrek batik bat. Alderdi txikiak ia-ia desagertzea ekarri du horrek, eta UPDk bakarrik lortu du eserlekuari eustea. Araban lortu du legebiltzarkidea, beharrezkoa den botoen %3 puntu erdi gaindituz, eta Gorka Maneirok bere aulkian jarraituko du.
EBk galdu egin du zuen eserleku bakarra, eta Ezker Anitzak ez du ordezkaritza izateko behar adina babes lortu. Aurreneko ondorioak atzo bertan etorri ziren. EBtik banandu eta Ezker Anitza sortu ostean, dimisioa eman du Mikel Aranak, bere proiektuaren porrota onartuz.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Emaitzak
EAJ izan da garaile, 27 eserlekurekin, eta Urkullu izango da lehendakari
Bakarrik gobernatu dezake EAJk, gutxiengoan, eta gehiengoa osatzeko bi aukera ditu: PSE-EE edo EH BilduEzkerreko sentsibilitate abertzalea bigarren indarra izango da, 1980tik aurrenekoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu