Gipuzkoako Foru Aldundiak alde biko bilerak egingo ditu oposizioko taldeekin, hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida edukien gainekoa izan dadin eta «zirku mediatikoa» alde batera utz dezaten. Afera gainditzeko behar den gauza bakarra borondate politikoa dela, horixe adierazi du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta erantsi du bere gobernuak borondate hori baduela.
Agerraldi bat egin zuten atzo Garitanok eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek, bilerak egiteko nahiaren berri emateko. Jakinarazi zutenez, aldundia atzo bertan jarri zen harremanetan EAJrekin, PSE-EErekin eta PPrekin, eta dagoeneko baiezkoa eman dute hirurek. Alduntzinek eta Garitanok ukatu egin zuten bilera sorta «mugimendu taktiko» bat dela, oposizioak Alduntzinen aurkako zentsura mozioan atzera egin dezan; hondakinen kudeaketari buruzko gatazka gainditzea «erraztu» nahi du aldundiak, Garitanoren esanetan.
Uribe Kosta Zero Zabor, abian
Zero zabor mugimenduko Bizkaiko aurreneko plataforma sortu dute, Uribe Kostan. Atzo aurkeztu zuten taldea Urdulizen, eta gaur, Sopelan. Bestalde, Olatzagutiko Portland Valderribas enpresari zaborrak errausteko baimenik ez emateko eskatu dio Arabako Bilduk Nafarroako Gobernuari. Koalizioak gogorarazi du lantegia Arabatik hiru kilometrora baino ez dagoela.
EAJ, PSE eta PPk diputazioarekin hondakinen kudeaketaz hitz egitea onartu dute
«Zirku mediatikoa» baztertu eta gatazkari aterabide bat ematea «erraztu» asmo du Gipuzkoako Aldundiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu