Espainiako Kongresuak asteazkenean bozkatuko du aurrekontu proiektua, eta Mariano Rajoyren gobernuak oraindik ez du bermatuta kontuak aurrera ateratzeko babesa. Horretarako, beharrezkoa du EAJren bost diputatuen babesa, baina, Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean mantentzeko erabakiaren ostean, ez dago argi EAJk kontuak babestuko dituen.
Izan ere, 155a bertan behera uztea izan da jeltzaleen baldintzetako bat kontuak onartzeko. Quim Torra Generalitateko presidente izendatu ostean, gertu zirudien 155aren amaierak, baina Torrak gobernuan erbesteratuak eta espetxeratuak sartu eta gero, 155a indarrean mantentzea erabaki zuen PPk, Ciudadanosen eta PSOEren babesarekin.
EAJko zuzendaritzak gaur arratsaldean egin du bilera, aurrekontuen aurrean zer bozkatuko duen erabakitzeko. Ez dute ez baiezkorik ziurtatu, ezta ezezkorik ere: "Azken minutura arte" itxarongo dute. Alderdiak gogorarazi du 155a "bidegabea eta atzerakoia" iruditzen zaiola, baina erantsi du "jabetzen" dela aurrekontuak onartzeak duen "garrantziaz"; bereziki "pentsioei eta Euskal agendari lotutako gai guztiei dagokienez". Nabarmendu du EAJk "erantzukizun politikoarekin" jardun duela hilabeteotan, "denbora emanez Estatuko Administrazioaren eta Kataluniako ordezkarien artean oraingo gatazka politikoa gainditzeko behar den elkarrizketarako urratsak eman zitzaten", baina uste du EAJk "fede onez emaniko aukera" hori ez dela "behar bezala" baliatu. "Jakin dakigu erlojuaren kontra ari garela baina, beste behin ere, eta orain arteko jarrera arduratsuari eutsiz, azken momentura arte aprobetxatuko ditugu bilatzen diren helburuak lortzen lagunduko dituzten aukerak".