Ikasturte politikoaren hasiera. Hauteskundeei begira

EAJk beste estatus politiko bat eskatu du, nazio izaera duena

EBBko lehendakariak azaldu du Bildu errealitatetik kanpo dagoela eta geldiarazi besterik ez duela egitenJeltzaleek urteroko Zarauzko ekitaldiarekin eman diote hasiera urte politiko berriari

Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Belen Greaves, atzo, Zarautzen EAJk egindako ekitaldi politikoaren hasieran. A. CANELLADA / ARP.
Zarautz
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
«Nazio izaeran» oinarritutako estatus politiko berri bat eskatu du Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko buruak EAErentzat. Estatus horrek, baina, bi oinarri izan behar dituela esan du: «Akordioa eta ituna, eta betiere, aldebiko berme juridikoarekin». Hori dela-eta, «akordioaren, itunaren eta adostasunaren» aldeko apustua egingo dutela adierazi du EAJko presidenteak.

Defizita mugatzeko PSOEk eta PPk Espainiako Konstituzioa erreformatu nahi dutela-eta, EAJk erabakitze eskubideari buruzko zuzenketa bat aurkeztuko du autodeterminazio eskubidea Konstituzioan jasota geratu dadin. Izan ere, EAJk dio «euskal nazio arazoari erantzun politikorik eman gabe», Espainiako politikariek «garai berri bati» ekin nahi diotela, eta, horregatik, «euskal auzia» konpontzeko ekimena aurkeztea erabaki dutela.

Zuzenketa hori onartuz gero, alderdi jeltzalearen iritziz, Estatu espainiarreko «errealitate plurinazionala» onartuko litzateke, eta horrek eskubide historikoak Konstituzioan jasotzeko «akordioa lortzea» erraztuko luke. Horretarako, Eusko Legebiltzarrak 1990. urtean onartutako adierazpenean oinarrituko dira jeltzaleak. Adierazpen horrek euskal herritarrei beren estatus politikoa «libreki eta demokratikoki» erabakitzeko eskubidea ematen die.

EAJk Zarautzen eman zion hasiera urte politiko berriari, atzo. Ehunka eta ehunka alderdikide eta jarraitzaile gerturatu ziren urteroko mitinera. Azken urteetan bezala, udaletxe aurreko Lege Zaharren Enparantzan egin zuten ekitaldia. Han izan ziren, esaterako, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia, Andoni Ortuzar BBBko presidentea, Joseba Egibar GBBkoa, EBBko idazkari Belen Greaves eta hainbat herritako zinegotzi eta alkate jeltzale.

Urkulluk azaldu zuen Bildu, eta PSE-EE eta PP «linboan» eta «errealitatetik kanpo» daudela. Horrez gain, adierazi zuen Bilduk ez duela ezer egiten, eta egiten duen gauza bakarra «geldiaraztea» dela. Instituzioetara iritsi denetik Bilduk ez duela urratsik egin gaineratu du buruzagi jeltzaleak, eta ez duela egiten «egin beharrekoa»: «Ez dio eskatzen ETAri armak behin betiko uztea».

Bestalde, esan zuen Bilduk ez duelagordetzen «terrorismoaren biktimekiko gutxieneko sentsibilitaterik», eta Bilduko kideek gai horiei buruz hitz egiten dutenean, «lotsarazi» egiten dutela gaineratu zuen. Era berean, Joseba Egibarrek azaldu zuen, politika eta indarkeria ez direla «ezkongarriak», eta Euskal Herriaren ordezkari izan nahi dutenek hori jakin behar dutela.

«PSE-PPren gobernua egunean-egunean» bizitzen dela adierazi zuen Urkulluk, eta esan zuen EAJk ez duela babestuko Bildu erakundeetatik kanporatzeko PSE-EEk eta PP bultzatu nahi duten zentsura mozioa. Hori dela-eta, «biktimismoak» alde batera uzteko eskatu zien.

Espainiako hauteskundeak

Urkulluk adierazi zuen, PSE-EEko eta PP diputatuek ez bezala, EAJkoak «Euskadiren interesak» babestera joan direla, eta joango direla Madrilera. «Bakearen, normalizazio politikoaren, eta konkordiaren» alde egingo dutela lan esan zuen Urkulluk, eta, gainera, «garai berri» baten aldeko «akordioa» bilatzen ahaleginduko direla.

Espainiako Gorteetara begira, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak EAJri eta Aralarri egindako aliantza proposamenaren inguruan, berriz, Egibarrek adierazi zuen ez dutela aliantza horretan parte hartzeko asmorik, eta EAJk bere «bide eta proiektua» dituela, eta «indarrak batuta etorkizuna irabazteko» lanean jarraituko dutela jeltzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.