ETAren amaieran pauso gehiago ematea aztertzen ari dira Espainiako Kongresuko talde gehienak. Otsailaren 21ean PP, PSOE, EAJ eta CiUk aro berriari buruz adostutako testuaren ostean,ETAren amaiera kudeatzeko ahalmena eman nahi diote orain taldeek Espainiako Gobernuari. Hala iragarri du Josu Erkoreka EAJko diputatuak ETBri eskainitako elkarrizketan. Mariano Raxoiren gobernuari ahalmen hori emateko aukerak eztabaidatzen eta aztertzen ari dira Kongresuan, Erkorekak iragarri duenez. ETAren amaiera kudeatzeko «baimena» ematea «irtenbide ona» litzatekeela uste du EAJko diputatuak.
2005ean Kongresuak adostasuna lortu zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari erakunde armatuaren amaieran pausoak eman zitzan. Bide horretatik jo nahi dute oraingoan ere, Erkorekak dioenez. Baimen hori ematea irtenbide egokia litzatekeela uste du, baina dio, aurretik, eman beharreko pausoak zehazteko «adostasunez onartutako dokumentu bat» landu beharko litzatekeela. 2005eko dokumentuak «sukaldeko lan asko» izan zuela gogoratu du Erkorekak, etaaurretiazko lan hori ezinbestekotzat jo du oraingoan ere.
EAJko diputatuak azaldu duenez, gai horiei buruz etengabe ari dira hitz egiten Kongresuko taldeak eta alderdi politikoak, eta proposamenak egiteko aukerak eta bideak aztertzen ari dira.
Raxoiri dei egin dio Urizarrek
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ere Espainiako Gobernuaren eta ETAren balizko negoziazio baten inguruan hitz egin du. Haren ustez, Espainiako Gobernuak ETArekin harremanetan hasi beharko luke «presoez eta armez hitz egiteko», modu horretan «hilabete batzuen buruan arlo teknikoarekin zerikusia duten oztopoei konponbidea aurkitu ahal izateko». Aieteko Adierazpenari jarraitzeko dei egin dio Urizarrek Raxoiri: «Ona litzateke Espainiako Gobernua ETArekin harremanetan hasiko balitz gatazka politikoaren ondorioei heltzeko, hau da, presoez eta armez hitz egiteko».
EAko buruak argi dauka «luze» joko duela gatazkaren ondorioak aztertzeko prozesuak eta «lan handia» egin beharko dela presoen edota biktimen auzia konpontzeko.Prozesuak aurrera egiteko, alde guztiek «borondatea» izatea ezinbestekoa dela esan du.Urizarren ustez, gai horietan «pazientziaz» jokatu beharra dago, eta iraganera bainoago, aurrera begiratu beharko dute alde guztiek.
Bere irudiko, biktimen auzian «lan handia» dago egiteke,eta aurrerapausoak emateko «konpromisoa» agertu beharko dute guztiek. Funtsezkoa deritzo, hala ere, alde denek gatazkak sustrai politikoak dituela eta konponbidea lortzeko horietara jo beharko dela onartzeari. Horrez gain, EAko idazkari nagusiak ohartarazi du prozesuari «etekin politikoak» ateratzeko nahia badagoela, baina argi dauka ETAren amaierak ez duela atzera bueltarik.
EAJk dio 2005eko bidea aztertzen ari direla Kongresuan
Erkorekak uste du ETAren amaiera kudeatzeko «irtenbide ona» dela gobernuari ahalmena ematea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu