EAJk dio burujabetza eragozteko aitzakiarik ez dagoela

Subiranotasuna aldarrikatuko du «indarkeriaren zigorrik gabeko lehen Aberri Egunean»

Erredakzioa
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Indarkeriaren zigorra» desagertuta, «aitzakiarik» ez dago «autodeterminazio jardun demokratikorako bidean», eta hori aldarrikatuko du EAJk igande honetan, Aberri Egunean.

Jeltzaleek atzo plazaratu zuten Aberri Egunari begirako manifestua. EAJk Bilbon ospatuko du egun hori, Euskadi bizia leloaren pean. Igandeko ekitaldiari buruzko xehetasunak, berriz, gaur plazaratuko ditu Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek.

«Indarkeriaren amaiera» da Aberri Egunerako EAJk azpimarratu duen ideia nagusietakoa: «2012. urte honetan, azken 76 urteotan lehen aldiz, askatasun osoz gure burujabetasuna aldarrikatu ahal dugu inolako bortxakeriaren mehatxurik gabe», azpimarratu du EAJk manifestuan.

ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri izana «urrats esanguratsua da herri honek bakea lortuko badu», dio EAJk, «baina, Euskadin elkartasuna finkatzeko, hurrengo denboretan beharko da borroka armatuaren bidezkotasunaren filosofian bizi direnekezberdin izateko eskubidea aitortu eta babestea [...], eta euskal gizarteak berak kasu bakoitzean osatuko duen gehiengo eta gutxiengoen mapan integratzea».

«Indarkeriarik gabeko» lehen Aberri Eguna dela-eta, EAJrentzat «ez dago, Euskadi nazio gisa aurrera egitea eragotziko duen aitzakiarik. Euskadi berriaren lehen urtea, dena lortzea espero dezaketen euskal herritar berriona».

«Estatus berria» aldarrikatuko dute jeltzaleek Aberri Egunean, «nazio berria gizarte beharrizanei aurre egiteko gai izango dena». Egiteko lan asko eta ibiltzeko bide luzea daudela aintzat hartuta, elkarrizketarako gaitasuna «areagotu» egin beharko dutela dio EAJk, «beste garai eta egoerek inposatutako inkomunikazioa apurtzeko». Eta, aldi berean, «aldi berri horretarako oinarri juridikoak ere» finkatu beharko dituztela; «aldi berrirako estatus politiko berria».

EAJren proposamenaren oinarria «borondate askea» dela nabarmendu dute: «Herri baten, nazio baten borondate askea, XXI. mende honetan, onarpen juridiko eta politikoaren bidez adierazten da, erabakitzeko duen eskubide eta gaitasunaren bidez gauzatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.