Araba

EAJk, EH Bilduk, PSEk eta PPk diputatu bana lortu dute Araban

PSE-EEk jaso du boto gehien, EH Bilduren aurretik. EAJk beherakada nabarmena izan du:12:000 boto eta zazpi puntu galdu ditu. Lau diputatuak gizonezkoak dira.

Daniel Senderos PSE-EEko zerrendaburuak lortu du boto gehien Araban. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko uztailaren 24a
09:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Lau gizonek ordezkatuko dituzte arabarrak Espainiako Kongresuan. Espero bezala, PSE-EEk, EH Bilduk, PPk eta EAJk ordezkari bana lortu dute. Inkesta guztiek bide horretan jotzen zuten, eta hautetsontziek berretsi egin dituzte. Boto kopuruan eta alderdien hurrenkeran zegoen zalantza, eta aldaketa nabarmena EAJren jaitsiera izan da. Duela lau urte boto gehien bildutako alderdia izan zen; orain, aldiz, laugarren postura jaitsi da, zazpi puntu, 12.000 boto eta zituen hiru senatariak galduta. Boz gehien jaso duena, berriz, PSE-EE izan da.

Daniel Senderos (PSE-EE), Iñaki Ruiz de Pinedo (EH Bildu), Javier de Andres (PP) eta Mikel Legarda (EAJ) izango dira Araba ordezkatuko duten diputatuak. De Andres ez beste guztiak aurretik ere diputatuak ziren, eta ondo ezagutzen dute Kongresuko jarduna. Arabako ahaldun nagusi ohiak, aldiz, hau izango du lehen legegintzaldia Madrilen.

Diputatu kopuru bera lortu arren, PSE eta EAJ txanponaren bi aldeak dira. Alderdi sozialistak Hego Euskal Herri osoko olatua hartu du Araban ere; EAJk, berriz, bizkarrekoa hartu du. Bere diputatua une batez ere arriskuan ez ikusi arren, jeltzaleek Kongresurako azken lau bozketetako —2016koak eta 2019ko biak— emaitzarik txarrenak izan dituzte, eta maiatzean foru aldundirako lorturiko boto kopurutik urrun gelditu dira. Deigarria da, halaber, Araban zituen hiru senatariak galdu izana.

2019ko bi bozketetan eta maiatzean, boto gehien zuen alderdia izan zen EAJ, eta orain, berriz, laugarren postura jaitsi da. Bozen %16,6 lortu ditu; ondorioz, zazpi puntu galdu ditu duela lau urteko hauteskundeen aldean, eta bederatzi maiatzekoen aldean. 2016ko emaitzetatik oso gertu gelditu da; orduan, baina, Elkarrekin Ahal Dugu-ren agerraldi indartsuak kalte egin zion. Boto kopuruari dagokionez, duela lau urte baino hamabi mila gutxiago jaso ditu, eta maiatzean baino 9.000 gutxiago. Herri eta hiri guztietan egin du behera; horren adibide, Bastida (Araba). Udalaren osaketak zeresan handia eman zuen, eta EAJk hamar puntu galdu ditu 2019koen aldean.

PSEk, berriz, kontrako bidea egin du. Duela lau urte baino 9.000 boto gehiago lortu ditu, eta 2016an baino 20.000 gehiago. Horiei esker, bost puntu eta erdi egin du gora, eta hiru senatari lortu ditu. Maiatzeko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta ere, hobekuntza agerikoa da: 19.000 boto gehiago. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Gasteizen lorturiko emaitza ona: boto gehien izan duen alderdia izan da, botoen %29,8 bereganatuta, PP bigarrenak baino hamar puntu gehiago.

EH Bilduk eta PPk ere emaitza onak lortu dituzte: biak ala biak hiruna puntu inguru igo dira. Koalizio subiranista, maiatzean gertatu bezala, botoetan bigarren alderdia izan da: %19,5, ia 33.000 boto. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, 5.500 boto gehiago lortu ditu, eta ia lau puntu egin du gora. Horri esker, senatari bat ere lortu du. Hori bai, maiatzean baino 3.000 boto gutxiago dira. Alderdi Popularrak duela lau urte galduriko diputatua berreskuratu du, eta itzal handiko politikari bat bidaliko du Madrilera. 2019an baino 4.000 boto gehiago lortu ditu (+%2,8), eta maiatzean baino 5.000 gehiago.

Diputaturik gabeko alderdiei dagokienez, Sumar izan da bosgarrena. Botoen %12,5 jaso ditu, eta ordekaritza lortzetik sei mila botora gelditu da. Duela lau urte Unidas Podemosek lorturiko 28.000 botoetatik urrun gelditu da, eta 2016an Elkarrekin Ahal Dugu-k lorturiko erdiak baino gutxiago batu ditu —51.827 lortu zituen—. Azkenik, Vox izan da seigarren indarra, 6.500 botorekin. Duela lau urte baino boto gutxi batzuk gehiago lortu ditu, baina maiatzean baino bi mila gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.