Ekonomia pizteko eta enplegua sortzeko konpromisoa hartu du EAJk euskal gizartearekin. Egungo egoerari «buelta emateko» asmoz landu duen proposamenean jaso du konpromiso hori. Politika Ekonomiko berria Euskadirentzat izena du dokumentuak, eta atzo aurkeztu zuen Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak, Donostian, GBBren egoitzan. «EAJren ereduaren» isla da txosten hori, eta Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoen alternatiba gisa landu dute, Urkulluk azaldu zuenez. Izan ere, EAEk egun ez du politika ekonomikorik, eta jeltzaleek gizarteari proposamen «eraginkorra eta zehatza» eskaini nahi diote, Urkulluk azpimarratu zuenez.
Enpleguaren aldeko estatu itun bat lortzea da dokumentuaren ardatz nagusia, enplegua sortzea baita euskal gizarteak «larriki» eskatzen duena, EAJko buruaren hitzetan. Urkullu ziur da gaur ere erdiets daitekeela 1980ko eta 1990eko hamarkadetan lortutakoa, eta helburu hori lortzeko egin du EAJk dokumentu berria.
Proposamenak honako hauek ditu oinarri: jarduera sektore berriak aintzat hartuko dituen industria politika bat; enpresen nazioartekotzea; enpresa eta proiektuen finantziaketa; teknologia; berrikuntza; eta enplegua eta lehiakortasuna erraztuko dituen zerga sistema bat. Halaber, Kontzertu eta Itun Ekonomikoa egokitzearen alde egiten du, eskumenen mugak desagerrarazita eta zerga sistema erreformatuta, eta ekonomia indartzeko ahalmena izango duen sektore publiko baten defentsa ereproposatzen du.
Espainiarekin elkarlanaren bitartez erdietsi nahi dute jeltzaleek politika ekonomiko berria. «Estatuan, urteak eman ditugu elkarren aurka, baina etorkizunak elkarlana eskatzen digu», esan zuen Urkulluk.
EAJk ekonomia politika berri bat proposatu du, «egoerari buelta emateko»
Enpleguaren aldeko estatu itun bat lortzeko helburuz, proposamen ekonomiko bat aurkeztu du Iñigo Urkulluk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu