EAJk ere ez du begi onez ikusi zezenketak kentzea

Donostiako alkatearen asmoen aurka, PSErekin eta PPrekin bat etorri da EAJ; eztabaida nahi dutela diote jeltzaleek

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Oposizio guztia kontra atera zaio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari zezenketei buruz hartu duen erabakia dela eta. Illunben zezenketak egiteko beste hitzarmenik sinatzeko asmorik ez duela esan zuen alkateak herenegun, Aste Nagusiaren balantzea egitean. PP eta PSE-EE berehala agertu ziren erabaki horren kontra; atzo bat egin zuen haiekin EAJk ere. «Bere aldetik» jokatzea egotzi dio alkateari Aitziber San Roman zinegotzi jeltzaleak. Zezenketei eta Illunbeko zezen plazari buruz eztabaidan segitzeko asmoa zeukaten jeltzaleek, haren esanetan. «Baina Bilduk, erabaki horrekin, saihestu egin nahi du eztabaida barea eta irekia izatea talde guztien artean, eta hiriari komeni zaizkion erabakiak hartzea». PPk eta PSEk bezala, atzera egiteko eskatu dio EAJk ere Izagirreri.

Azken asteetan hizpide izan da zer gertatuko ote zen zezenketekin Donostian. Udalak itun bat sinatuta izan du enpresa batekin jaietan zezenketak izan zitezen; aurten artekoa zen hitzarmena. Aste Nagusian, azken zezenketan, pankarta eta guzti atera ziren zezen plazako langileak, hura izan zitekeelakoan azken zezenketa. Izagirre alkateak herenegun adierazi zuen baietz, zeharka: ez zuen esan zezenketarik ez denik izango, baina azaldu zuen udalak ez duela horrelako itunik sinatuko. Zezenketen aurkakoa dela azaldu zuen Izagirrek berak.

Hiru argudiotan oinarritu zuen erabakia: animaliak «torturatu» egiten dituztela, beste erabilera batzuk izan ditzakeela Illunbek eta ekonomikoki ez dela bideragarria. «Ezin zaio zezen plaza bati eutsi, urtean zazpi zezenketa egiteko», adierazi zuen. Argudio ekonomikoetan ez datoz ados zezenketen aldekoak eta aurkakoak. Atzo bertan, Illunbeko zezen plazako presidenteak adierazi zuen «onura ekonomiko handia» ekartzen dutela zezenketek. Francisco Tuduriren esanetan, hamalau urtean zortzi milioi utzi dituzte zezenketek BEZ zergatan.

Izagirrerenak «asmoak soilik» direla nabarmendu du Tudurik. «Ikusiko dugu gauzatu ditzakeen edo ez». Sinetsita dago Illunben izango dela zezenketa gehiago. Babesak biltzen hastekotan dira, eta alderdi politikoekin harremanetan jartzeko asmoa dute.

Oposizioko alderdien babesa izango dute. EAJk eztabaida nahi du, baina PSE eta PP sutsu agertu dira zezenketen alde. Ernesto Gasco sozialistak iragarri du alkateari azalpenak eskatuko dizkiotela hurrengo bilkuran. Salatu du «festa espainiarra» direlako kendu nahi dituztela zezenketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.