Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Batasuna eta Herri Batasuna alderdi politikoen legez kanporatzeak ontzat jo izana -bere garaian Espainiako Justiziak hartutako erabakia berretsi du-, "errespetatu" egiten duela esan du Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, "auzitegi horrek prestigioa dutelako eta, gainera, aho batez hartu duelako erabakia", eta Batasunari begira jarri da. "Espainiako Alderdien Legearen aplikazio arbitrarioa kritikatzen segi dezaket, erakunde publikoetako mapa aldatu egiten duelako, baina, kritika horretatik aparte, politika egiteko erantzukizuna duena Batasuna da, eta lan erraz bat dauka egiteko: ETAri 'ez' esatea", adierazi du Urkulluk gaur Euskadi Irratian.
EAJko buruaren ustez, Batasunak "pausoak" eman behar ditu, "baina ez epai bat dagoelako, baizik eta euskal gizartearen gehiengoak eskatzen diolako. Politika egiteko autonomia aldarrikatu behar du".
Legez kanporatzeen aurkako bide juridikoa dagoeneko agortuta dagoela dio Urkulluk. "Orain ez dizkiogu guk babak eltzetik aterako Batasunari. Hartu behar dituen erabakiak hartzeko eskatzea da besteoi geratzen zaigun zeregin bakarra".
Europako Auzitegiak Herritarren Zerrendaren, AuBren eta herri plataformen baliogabetzea ere ontzat jo du.
Legez kanporatzeak
EAJk "errespetatu" egiten du Europaren erabakia, eta Batasunari eskatu dio 'ez' esateko ETAri
Urkulluk dio legez kanporatzeen aurkako bide juridikoa dagoeneko agortuta dagoela, eta Batasunak "politika egiteko autonomia aldarrikatu" beharko lukeela. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak "prestigioa" daukala iritzi dio EAJko presidenteak; "gainera, aho batez hartu du erabakia".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu