ESTATUS POLITIKOA

EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak abiapuntu izango dituzte adituek

Testu artikulatua idatziko dutenei eskatu diete aintzat har ditzatela taldeen boto partikularrak, horiek bateragarriak badira adostutako oinarriekin.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bilera. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2018ko irailaren 12a
07:15
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea gaur goizean batzartu da, estatutu proiektua idatziko duen aditu taldearen eginkizunak zehazteko. Aurreneko bilera izan da uztail hasieratik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoaren oinarriei buruzko eztabaida amaitu zutenetik. Oinarri horiek EAJk eta EH Bilduk adostu zituzten batez ere, eta Elkarrekin Podemos batu zitzaien eskubideen atalean, eta testu hura berretsi dute gaurko bileran.

Oinarri horiei forma juridikoa eman beharko die orain aditu talde batek. Talde bakoitzak joan den ostiralean proposatu zuen aditu bana, eta horien eginikizuna adostu dute gaurko bileran. Jone Berriozabal lantaldeko koordinatzaileak azaldu duenez, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hitzartu dute adituek abiapuntu gisa erabiltzea EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak. Mikel Legarda EAJko diputatuak, Iñigo Urrutia, Arantxa Elizondo eta Alberto Lopez Basaguren Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek eta Jaime Ignacio del Burgo PPko kide eta Nafarroako politikari historikoak osatuko dute aditu talde hori.

Gainera, adituek ikusiko balute oinarri horiek bateragarriak izan daitezkeela gainerako taldeek aurkeztutako boto partikularrekin, boto horiek oinarriekin uztartzen saiatu behar dira, adostasuna zabaltzeko asmoz. Erabakiarekin ez dira bat etorri PSE-EE eta PP; sozialistak abstenitu egin dira, eta popularrek kontra bozkatu dute.

Beste xehetasun bat ere argitu du Berriozabalek: adituei ez diete eskatu argitu dezatela edukiak Espainiako Konstituziora egokitzen diren, oinarriak adostu dituzten taldeek ez baitute "zalantzarik" egokitasun horren inguruan. Aditu taldeak "batzorde juridiko bat" osatuko du, ez "politikoa". Berriozabalen esanetan, lantaldeak "parentesi bat" egingo du orain bere jardunean, eta testu artikulatua prest egotean berrekingo dio lanari.

Adituek zortzi bat hilabeteko epea izango dute testua prest edukitzeko, eta, ondoren, autogobernu lantaldean aurkeztu beharko dute. Hilabeteotan "konfidentzialtasuna" gorde beharko dute. Testu artikulatua bere egin beharko du alderdi batek edo gehiagok, hura tramitatu ahal izateko. Lege proposamen gisa landuko da ondoren.

Estatutu "bideragarria"

Bilera amaitu eta gero, PSEren jarrerari buruzko azalpenak eman ditu Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. Esan du EAJk eta EH Bilduk "proiektu subiranistari" eusten diotela, eta aditu taldeari eskatu dio idatzi dezatela "adostasun zabaleko estatutu bideragarri" bat.

Horretarako, Pastorrek proposatu du adituek "antzematea" zein puntuk behar duten aurrez Espainiako Konstituzioa aldatzea, "hortik aurrerako lanak errazagoak izan daitezen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.