EAJk eta independenteek ezezkoa eman diote Bildurekin negoziatzeari

Aralarrek irailaren 3ko batzarrean erabakiko du Nafarroan NaBairekin aurkeztuko den edo Bildurekin egingo duen hitzarmenaEAJren eta independenteen ustez, NaBairen izaera baliogabetzen du Bilduren eskaintzak

joxerra senar
Iruñea
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Azaroaren 20ko hauteskundeei begira ez dago adostasunik NaBai koalizioaren barruan. Aralarreko zuzendaritzaren ekimenez, atzo eguerdian Nafarroa Bairen batzorde iraunkorra bildu zen, eta hauteskundeei begira Bilduren eta NaBairen artean aliantza bat osatzea aztertu zuten ofizialki lehen aldiz. Bileran, EAJk eta independenteek ezezkoa eman diote aukera horri, eta argi utzi dute nahiago dutela NaBai-2011ren formula errepikatzea. Behin ezezko hori jaso ostean, Aralarrek eztabaida irekiko du alderdi barruan, eta irailaren 3ko batzar nazionalean aztertuko du Nafarroan zer egin.

Aralarrek orain arte ez du ezkutatu begi onez ikusten duela Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk abuztuaren 5ean egindako proposamena. Hala ere, Nafarroan negoziazioak Nafarroa Bairekin egin behar liratekeela defenditu du orain arte. Horregatik, «proposamen hori nola kudeatu aztertzeko asmoz», asteartean ohiko bileran Aralarreko Nafarroako zuzendaritzak onartu zuen NaBairen batzorde iraunkorra deitzea eta bilerara eramatea proposamena: alde guztiek ontzat joz gero, elkarrizketak NaBairen eta Bilduren artekoak behar luketela izan uste zuen.

Aralar, urratsez urrats

Modu horretan Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinadoreak ukatu egin du Diario de Navarra-k argitaratutakoa. Atzo, Aralarreko zuzendaritzakBildurekin hitzarmena egitea onartu duela zioen egunkari horrek, baina Jimenezek gezurtatu egin du halakorik. Bere hitzetan, hauteskundeei begirako negoziazio horietan urratsez urrats ari da Aralar, eta horretarako lehen pausoa zen NaBaik aukera aztertzea.

Proposamena kaleratuz geroztik 20 egun pasa badira ere, orain arte Aralarrek jeltzaleekin bilera informalak izan ditu eta independente batzuekin pertsonalki baino ez dute hitz egin gaiaz. NaBaik ez du bere osotasunean ofizialki auzia jorratu.

Atzoko bilerak ordubete iraun zuen. Aralarren aldetik, Txentxo Jimenez izan zen; EAJren aldetik Jose Angel Agirrebengoa eta Manu Aierdi eta independenteen aldetik, Uxue Barkos eta Patxi Leuza. Bileran, EAJk zein independenteek erantzun argia igorri zioten Aralarri: ez dute Bildurekin hitzarmenik egin nahi.

Bileraren ondoren, EAJk eta independenteek ohar bateratu bat kaleratu zuten. «Ulertzen dugu NaBai sortu zela Nafarroan diren nortasun desberdinak batzeko eta ez indarren metaketa bat ahalbidetzeko», argudiatzen dute oharrean Jose Angel Agirrebengoak eta Uxue Barkosek. «Bilduren proposamenak NaBairen izaera anitza baliogabetzen du, fronte nazional baten mesedetan», gaineratzen dute.Euren ustez, maiatzaren 22ko emaitzetan argi geratu da Nafarroan abertzaletasuna ulertzeko bi modu daudela: «Uste dugu NaBai eta Bilduren batuketak bien arteko batasunak baino ekarpen handiagoa egiten duela».

Bildurekin dituzten ezberdintasunak azpimarratu dituzte: «NaBaik hamaika aldiz esan duNafarroa erabaki subjektu bat dela, eta ez trukerako txanpon bat, ez ETAren eta estatuaren arteko negoziazioetan, ezta Madrilgo bulegoren batean nork gobernatuko duen erabakitzeko negoziazioetan». Era berean, Bildurekin batera joateak NaBairen zutarri nagusietako bat, «lurraldetasuna», auzitan uzten duela iritzi diote.

Beharrezkotzat jo dute NaBaik Madrilen «berezko ahotsa» izatea. «Madrilen egon nahi dugu. Madrilen Nafarroak duen ahots nagusia izan nahi dugu eta nafar guztien interesak defenditu. Esperientzia da gure bermea».

Erantzunak ez du Aralar ezustean harrapatu, baina Txentxo Jimenezek onartu du atsekabetu egin dituela: «Hauteskundeei begira bai Nafarroako gizartearentzako bai Nafarroa Bairentzako Bildukoekin akordio bat lortzea bide egokiena dela uste dugu». EAJren zein independenteen jarrera «irizpide logikoen barruan» sartzen dela iritzi dio.

Gaur bigarren bilera

Iragan astean lehen bilera izan ostean, gaur Aralarrek beste bilera bat du ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin. Nafarroari dagokionez, Jimenezek uste du orain «egoera berri bat» irekitzen dela, eta Aralarrek eztabaidatu beharko duela zer egin:«NaBai bezala aurkeztu edo Bildukoekin akordioa saiatu». Irailaren 3anegingo den batzar nazionalean izango dute Aralarreko militanteek hitza eta erabakia.

Batzarraren zain, argi utzi du Bildurekin akordioa lotzea erabakiz gero, Aralarrek ez lukeela NaBai-2011rekiko konpromisoa auzitan jarriko:«Legealdi oso bat dugu aurrean bai Parlamentuan bai udaletan, eta ez dugu zalantzan jarriko». Urtarrilean sinatutako akordioa betetzeko asmoa du Aralarrek. «Akordioan ez da espresuki ezer aipatzen Kongresuko hauteskundeez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.