EAJk PPrekin adostu ditu 2012rako Bizkaiko aurrekontuak. Atzo sinatu zuten akordioa Unai Rementeriak eta Esther Martinezek, EAJk eta PPk Bizkaiko Batzar Nagusietan dituzten bozeramaileek. Gustura azaldu dira bi aldeak; PP batez ere. Izan ere, Martinezen esanetan, «aro berri bat» irekiko du hitzarmenak; ez da Bizkaiko aurrekontuetarakora mugatuko. EAJk bestelako mezua eman du: esan du PP izan dela bere lehentasunei oztoporik jarri ez dien bakarra, eta zehaztu du Bizkaiko aurrekontuetara mugatu dela akordioa.
Lehen aldia da EAJk Bizkaiko aurrekontuak PPrekin hitzartu dituena. Orain arte, PSE-EErekin egin izan du akordioa. Eta, PPren bozeramailearen esanetan, elkarlana ez da datorren urteko Bizkairako aurrekontuetara mugatuko. Martinezek esan du «aro berri bat» hasiko dela atzo sinatutakoarekin. «Aurrekontuei dagozkien edukietatik haragokoa da» atzo hasitako bidea, PPkoaren hitzetan. Zerga sistemari dagokionez, erreformak egiten hasteko asmoa ere jasotzen duela azaldu du.
EAJren bozeramaileak «begi onez» ikusi du akordioa. PSE-EErekin eta Bildurekin ere batzartu dela esan du, baina PP izan dela jeltzaleentzat oinarrizkoak diren bi arloetan «inolako oztoporik» jarri ez duen bakarra. Horregatik egin duela berekin akordioa. Bi alor horiek inbertsioak mantentzea eta gizarte zerbitzuei eustea dela azaldu du. Edozein kasutan, Rementeriaren hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiak 2012rako egin beharreko aurrekontuetara mugatzen da akordioa.
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea ere mintzatu da gaiaren inguruan, akordioak atzean ez duela bestelako estrategiarik gordetzen nabarmentzeko. Alderdi guztiek politikan parte hartzeko aukera lortu dela adierazi du, eta beraz, halako akordioak «politika normalizatzeko» bidean kokatu behar direla. Hori esan, eta Bilduren aurka egin du. PPrekin akordioa egin izanagatik Bilduk ezin diola ezer aurpegiratu esan du, «segur aski berak ere Gipuzkoan PSE-EErekin akordioren bat izango duelako».
Antonio Basagoiti PPren presidentearen ustez ere, «ona» da Bizkaian lortutako akordioa. EAJk eta PPk gaia lantzen «debora» zeramatela azaldu du Basagoitik, bere esanetan «garrantzitsua» delako «herriaren erdigunea jarrera erradikal eta haustura zaleak ez dituzten alderdien esku egotea».
Gainera, «benetan herria egiten» lagunduko dute halako akordioek, PPren ustez. Azpiegiturei buruzko eta lanpostuak sortzeari buruzko erabakiak direla azaldu du, eta, gainera, «horrenbeste urtetan mehatxuan aritu direnei oparirik eman gabe elkarbizi daitekeela» frogatzen duela.
EAEko aurrekontuetan ere PPk «zentralitatea» izan nahi duela esan du Basagoitik, eta beraz, akordioetarako prest dagoela. «Herri hau guztien artean eraiki behar da, eta nire helburua da ez dadila Amaiurren edo Bilduren eskuetan erori», esan du. «Herriaren erdiguneak PP bezalako alderdien esku egon behar du».
«Eskumaren aliantza»
Bizkaiko Bilduk gogor salatu du EAJ eta PPren arteko akordioa, eta hori egiteko erabili duten modua. Izan ere, Bilduren hitzetan, akordioa duela bi aste lotu zuten arren, hauteskundeak igaro arte ezkutuan izan dute. Ituna bikoitza dela uste du, gainera: Araba eta Bizkaiko aurrekontuen gaineko akordioa dela, elkarri babes bat bestearen truke emanaz.
Beste gauza bat argitu du albisteak, Bilduren ustez: «Eskumako politiken aldeko aliantza berria sortzen ari dira». Baina, koalizioaren esanetan, politika eredua aldatu beharra dago, agerian geratu baita orain arteko politika ekonomikoek ez dutela egoera hobetzeko balio, krisian sakontzeko baizik.
PSE-EEren ustez ere, kezkatzekoa da akordioa, ez duelako landuko progresibitate eta garapenaren ikuspegia. «Euskal eskuma eta Espainiakoa progresibitatea ez dagoen ikuspegitik ari dira». Bide horretan, ondarearen zergaren ezarpena atzeratuko duten kezka azaldu du. «Gehien dutenek ordaindu behar dute gehiago, areago egungo egoera larrian».
EAJk eta PPk Bizkaiko aurrekontuak adostu dituzte
EAJk esan du akordioa aurrekontu horietara mugatu dela; PPk, berriz, itunak «aro berri bat» irekiko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu