Egia da. EAJko eta PPko buruzagi nagusiak harreman iraunkorrean ari dira iazko urte amaieratik. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak eta Mariano Raxoi Espainiako PPko buruak sei bilera egin dituzte, gutxienez, Madrilen, ETAren amaiera hizpide nagusitzat hartuta. El País egunkariak atzoko alean eman zuen bilera sekretu horien berri, eta bi alderdietako ordezkariek berretsi egin zuten informazioa atzo. Politikagintzako normaltasunaren barruan kokatu dute bi alderdiek harreman egonkorra.
Josu Erkorekak eman ditu azalpenak, EAJren izenean. Alderdiaren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, azaroaren 20ko hauteskundeetarako zerrendaburuak eta euskal politikagintzari buruz Espainiako alderdi nagusiekin sarritan aritu izan denak bakegintzarekin lotu ditu EAJko eta PPko buruzagi nagusien arteko bilerak. «EAJk Euskal Herriaren bakegintzarako bidera lotu nahi du PP».
Bake eta normalizazioa lortze aldera EAJ PSOEren gobernuarekin lanean «eskuz esku» aritu izan dela azaldu du Erkorekak. «Baina ETA betiko desegitea da helburua, eta oraindik ez da lortu», zehaztu du. Hortaz, azaroko hauteskundeen ondoren Espainiako Gobernua PPren esku gera daitekeela ikusita, harekin hasi da harremanetan EAJ, PP «orientatu» nahian. «Gobernuan dagoenarekin gauzatu behar den apustua da bakearen aldekoa».
Basagoiti bera ere bai
PPk ez du horrenbesteko zehaztasunik eman Raxoiren eta Urkulluren arteko bilerei buruz. Normaltasun irudia ematen egin du indar. «Bai, egin dira bilerak, eta horietako asko, Madrilen», baieztatu du Antonio Basagoitik, EAEko PPko presidenteak. Basagoiti bera ere Urkullurekin hainbat aldiz batzartu dela jakinarazi du, gainera. «Eta ez soilik ETAri buruz aritzeko; herriari, ekonomiari, zergei buruz ere hitz egin dugu». Basagoitiren hitzetan, «boto asko dituzten bi alderdien arteko hartu-eman normala da».
Soraya Saenz de Santamaria PPk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak ere «normaltasuna» aipatu du. Harremanik ez izatea izango litzateke, haren hitzetan, arraroa. «PPko presidentea herri honetako alderdi askotako buruzagiekin bildu da».
Urkullu eta Raxoiren arteko bilerak «pribatuak» izan direla-eta ez duela edukiei buruzko informazio handirik esan du Saenz de Santamariak. Hala ere, PPk ETAri buruz duen jarrera «argia» dela ohartarazi du: «ETA amaitu egin behar da, ordainsaririk gabe».
Patxi Lopez lehendakariari «zuhurtzia» eskatzeko ere baliatu du aukera: ETA amaitu bitartean «egoera hipotetikoei buruz» ez mintzatzeko esan dio. Edozein modutan, presoak Euskal Herrira gerturatzeko aukerari buruz galdetuta, aurka dagoenik ez du esan: «ETA zuzenbide estatuaren bidez amaitu, hori egin behar da».
Presoak, ezker abertzalea
El País-ek zabaldutako informazioaren arabera, elkar ulertze ona dute bi buruzagiek, eta hori Urkulluk EAJren mezuei emandako norabideari esker etorri da. Bakeak ez duela ordainsaririk behar esan izanak zabaldu zuen PP eta EAJ hurbiltzeko aukera, eta horren ondorioz hasi zen bi buruzagien arteko hartu-emana. Ordutik, Urkulluk ezker abertzaleak emandako pausoen berri eman dio, iraunkorki, Raxoiri. Egunkariaren hitzetan, urratsak aldebakarrekoak izan direla nabarmentzen indar egin du EAJko buruak, eta Raxoik jarrera aldatzea eragin du horrek.
Hala ere, gai batzuetan iritzi kontrajarriak dituztela dio El País-ek. Presoei dagokienez, esaterako, espetxe onurak eta gerturatzeak berehala gauzatzearen aldekoa dela Urkullu, eta Raxoik «indarkeria behin betiko amaitzea» jartzen duela edozein neurri hartzeko baldintzatzat.
Ezker abertzalea legez kanpo uzteko «mehatxua» ETA desagertu arte egin behar litzatekeela esaten du Raxoik, egun «Bildu legez kanpo uztea» ez dela posible onartu arren. Urkulluk ezker abertzalea legeztatzearen alde egiten du.
EAJk eta PPk normaltzat jo dituzte Urkulluren eta Raxoiren arteko bilerak
Erkorekaren hitzetan, «PP bakerako bidera eramateko helburuarekin» du harreman iraunkor hori EAJko buruak PPkoarekinPPk bakarrik esan du bien arteko harreman normalizatuen barruan daudela batzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu