Hauteskunde kanpainan eta kanpainaurrean gaien agenda ez dute beti zehazten alderdiek. Inguruko gertaerek zerikusi handia izaten dute. EAJren kasuan, esate baterako, egunotan indar handiagoa ari da egiten egoera ekonomikoari buruz eta kudeatzeko moduari buruz hitz egiten, estatus politiko berriari buruz baino. Baina Quebeceko hauteskundeetan independentisten garaipenak saihetsezin bihurtu du independentzia eta burujabetzaren aldarrikapenaren inguruko gaia. Batetik, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak berak prentsa ohar bat kaleratu zuen herenegun arratsaldean PQ Alderdi Quebectarraren garaipenagatik poza adierazteko. Edozein modutan, Urkulluk burujabetza nahia kudeatzeko gaitasunarekin lotu zuen: «Garaipen honek erakusten du subiranotasuna lortzeko nahia halabeharrez lotzen zaiola herritar gehienek egunero dituzten arazo ekonomiko larriak kudeatzeko gaitasunari».
Bestetik, Josu Erkoreka EAJko diputatu taldeko buruak independentziaren aldarrikapenaren gaiari heldu zion atzo elkarrizketa batean. Erkorekak argitu du EAJk ez duela independentziaren aldarrikapena hauteskunde programan sartuko. «Ez gara aurkeztuko urriko hauteskundeetara esanez Euskal Herriaren independentzia bermatuko dugula, ez bi ez hiru urtetan. Legegintzaldiko erronkei buruz hitz egingo dugu, ez alderdiaren azken helburuei buruz», adierazi zuen atzo Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak.
Hauteskundeei begira, EAJk 2015rako estatus politiko berri baten beharra planteatuko du, Josu Erkorekaren arabera. Baina proposamena ez dago guztiz zehaztuta. EAJ horretan ari da lanean, autogobernua berriro definitzeko asmoz, «oinarri berrien gainean». Josu Erkorekak azaldu zuenez, EAJk Estatua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean «parekotasuna» bilatzen du, Kontzertu Ekonomikoan jasotzen den antzera. EAJk nahi du Estatuarekiko harremanak buruz burukoak izatea, «berme, begirune eta ziurtasunarekin». Autogobernurako gaitasuna Auzitegi Konstituzionalaren epaien bidez murriztea eragotzi behar da, Josu Erkoreka diputatu jeltzalearen ustez.
Aliantzen jokoa
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak ez zuen herenegun aterik itxi nahi hauteskunde osteko itunei dagokienez. «A priori EAJk ez dio inori aterik ixten», esan zuen Urkulluk. Dena den, gobernu sendo eta egonkor bat izatea ona izango dela gaineratu zuen. Era berean, Josu Erkorekak nabarmendu zuen itunen kontua irekita dagoela. Erkorekaren ustez, urriko hauteskundeetan lau eskaintza politiko nabarmen egongo dira (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP), baina zalantzan jarri zuen PP aliantzen jokoan sartzerik izango ote duen, inkesten arabera emaitza txarrak izan ditzakeelako. Bozen ondoren, Erkorekaren iritziz, itunak «denon artean» posible izango dira.
EH Bildu koalizioari dagokionez, emaitza onak izango dituela uste du Erkorekak, baina ez «hark espero duen arrakasta». EH Bilduren erronka garrantzitsua «kudeaketa instituzionalean emaitza duina aurkeztea da». Horren falta du, Erkorekak dioenez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
EAJk ez du programan sartuko independentziaren eskaera
Erkorekak dio Alderdi Jeltzalea lanean ari dela autogobernua berriro definitzeko oinarri berrietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu