EAJk herriari begiratu behar diola aldarrikatu du Urkulluk Bilbon

Alderdiaren historiaz harro daudela esan, eta haren iragana onartu eta gainditzeko eskatu dio EAJk ezker abertzaleari

Hodei Iruretagoiena
Bilbo
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
«Herriari begiratu behar diogu, aurrez aurre, gertutasunez. Jendearekin egon behar dugu». Mezu horixe izan du Iñigo Urkullu EAJko presidente eta lehendakarigaiak Bilbon elkartu diren alderdikide eta jarraitzaileentzat. Orain, berriz ere, «Euskadiren garaia» dela nabarmendu du buruzagi jeltzaleak, eta adierazi du aurrean diren erronkak «historikoak» direla: krisi ekonomikoa, bakea eta adostasuna, eta «Euskadi nazio gisa onartu, eta bere bere izaera propioaz gauzatzeko eskubidea» bermatuko duen estatus politiko berria. Albiako lorategietan egin dute alderdiaren sortu zeneko 117. urteurreneko ekitaldia, eta bertan izan dira alderdi jeltzaleko kiderik nabarmenenak. Haien artean, Andoni Ortuzar BBBko burua eta Joseba Egibar, GBBkoa.

Harrotasuna agertu du Urkulluk alderdiaren ibilbidearekiko, Sabino Arana, Xabier Lizardi edo Manuel Irujoren hitzak gogora ekarriz. Agirre lehendakaria oroituz, «euskal arima» ez dela konkistatua izan eta ez dela izango aldarrikatu du: «Ez da inoiz indarrez konkistatua izango. Inoiz ez!». Historiaren ildotik mintzatu zaio ezker abertzaleari ere, haren «iragana onartu, eta behingoagatik gaindi» dezan eskatuz. Hala, ohartarazi dio giza eskubideak errespetatu eta «besteei eskatzen diena beraiek egiteko» ordua dutela.

Iraganean bezala, orain ere badaudela oztopoak aurrean gogoratu du Urkulluk. Krisi ekonomikoa, adibidez, finantza munduan sortu bazen ere egun «produkzio eta kontsumo krisia» ere badela azaldu du EBBko buruak; enpresa eta familia «guztiei» eragiten diena. Gainera, ohartarazi du Europan ez dagoela batasun nahikorik egoerari aurre egiteko. Horiek horrela, «Euskadi berrasmatu, eta berriz ere Euskadin sinetsi» beharra aldarrikatu du Urkulluk, eta gaineratu du horretarako «ahalegina eta ilusioa» beharko direla. Hain zuzen, jeltzaleak uste du «Euskadik eredu propioa» berreskuratu behar duela. Enplegua eta lehiakortasuna indartuko dituen zerga sistema eta sektore publiko eraginkor baten beharra ere aldarrikatu ditu: «Hazkundera, aurrerapenera eta ongizatera itzuli behar dugu», esan du.

Urkulluk dio beste oztopo nagusia Espainiako Gobernua eta bere «zentralismoarekiko obsesioa» direla, eta salatu du ekonomia berrantolatzeko aitzakiarekin legedi guztia Espainiako estatuaren mende utzi nahi dutela. «Guztiontzako kafea» formulatik «guztiok kaferik gabe» egotera pasatzen ari garela dio. Horren ordez, «subiranotasun partekatuan» oinarritutako harremanak eskatu ditu alde bien artean. «Horretan, Espainiako Gobernuak EAJren eskua luzaturik izango du», jakinarazi du. Horretarako, Urkulluren esanetan, «batera lan egin» beharra dago. Estatus politiko berria ere eskatu du, «Euskadi nazio gisa onartu eta Euskal Herria, bere izaera propioaz, gauzatzeko eskubidea bermatuko duena».

«Hauteskunde iruzurra»

Raxoiren gobernua «jokoz kanpo» dagoela aipatu ondoren, esan du PPren errolda aldatzeko asmoa «hauteskunde iruzurra» dela, eta hori «akats historikoa» litzatekeela Espainiako Gobernuaren aldetik. Gaur egun «Euskadin bizi eta bozkatzeko» arazorik ez dagoela gogoratu ondoren, ohartarazi du ez dutela «euskal gizartea engainatzea lortuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.