EAEko hauteskundeak orain egingo balira, estu legoke garaipena EAJren eta EH Bilduren artean, EHUko maiatzeko Euskobarometroare arabera. Legebiltzarkide bateko edo biko aldea baino ez legoke bi alderdien artean. Inkestak dioenez, EAJk irabaziko ditu bozak, 23-24 aulkirekin (botoen %32) eta EH Bildu egongo da bigarren postuan, 22 eserlekurekin (botoen %24,7). Emaitza horiek lortuko balira, beraz, gehiengo abertzale zabala izango luke hurrengo Legebiltzarrak, 45 edo 46 eserleku erdietsita.
PSE-EEk galduko luke eserleku gehien eta hirugarren indarra litzateke, eta atzetik legoke PP, nahiz eta ez lukeen hainbeste boto galduko. Inkestak dioenez, PSEk 17 legebiltzarkide erdietsiko ditu —botoen %29, eta 100.000 boto gutxiago— eta PPk, 12 edo 13 —%14 eta lau mila boto gehiago—. PSE-EEk, beraz, zortzi legebiltzarkide galduko lituzke —egun 25 ditu—, eta PPk, berriz, eutsi egingo lieke egungo emaitzei —13 legebiltzarkide ditu gaur—.
Ezker Anitzak eta UPDk, ordea, ez lukete aulkirik lortuko: botoen %3 eta %1,8 ematen die, hurrenez hurren. EBk ere ez luke ordezkaririk izango —botoen%2 lortuko luke—.
Herrialdeka, EAJk aise irabaziko luke Bizkaian, hamar eserleku lortuta, EH Bilduk Gipuzkoan irabaziko luke, hamar aulkirekin, eta Araban EAJ eta PP berdinduta leudeke.
Parte hartzeari dagokionez, duela hiru urteko bozetan izandakoaren parekoa izango da, %65 ingurukoa, Euskobarometroaren arabera.
EAJk irabaziko lituzke bozak, baina EH Bildu gertu legoke
Euskobarometroaren arabera, EAJk 23-24 aulki lortuko ditu; EH Bilduk, 22; PSEk, 17 eta PPk, 12-13
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu