EITBren inkestaren arabera, Gasteizen, PPk irabaziko lituzke udal hauteskundeak, 7 zinegotzirekin, baina bi galduta. Eta EAJrekin berdinduta. Alderdi jeltzaleak egun dituen baino bi zinegotzi gehiago lortuko lituzke (7 denera). EH Bilduk 2015eko bozetan lortutako 6 zinegotziekin jarraituko luke —bigarren indarra izan zen orduan—; eta PSE-EEk boto asmoan atzera egingo luke, zinegotzi bat galduta (3). Ahal Dugu-k bere 2 ordezkariak mantenduko lituzke, eta Irabazik —Ezker Anitzarekin loturikoa taldea—, zinegotzi 1 —datorren urtean batera joango dira bi taldeak, Elkarrekin Podemos izenarekin—. Ciudadanos alderdiak ordezkaritza izan dezake Gasteizko Udalean, eta, lortuko ez balu, PPk zortzigarren zinegotzia lortuko luke.
Bilbon EAJ gehiengo osotik gertu geldituko litzateke, zinegotzi bat gehiago lortuz (14). EH Bilduk ere 2015eko emaitzak hobetuko lituzke, zinegotzi bat gehiagorekin (5). PSE-EEk 4 ordezkari izaten jarraituko luke, eta PP, berriz, 4tik 3ra jaitsiko litzateke. Ahal Dugu-rekin lotutako Udalberri taldeak zinegotzi bat gehiago izango luke (2), eta Bilbo Irabaziz-ek galduko lituzke orain arteko biak.
Donostian, EAJ nagusituko litzateke, eta 11 zinegotzi izango lituzke. Aurreko hauteskundeetan bederatzi lortu zituen. PSE-EEk ordezkari bat gutxiago izango luke (6), eta EH Bilduk 6 ordezkariei eutsiko lieke. PP hiru zinegotzi izatetik 2 izatera pasatuko litzateke, eta Irabazik 2 zinegotzi izaten jarraituko luke.
Iruñekoak, bihar
Maiatzaren 14tik eta 21era bitartean egina da inkesta. Bihar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietarako bozei buruzko datuak ezagutaraziko dituzte, eta, asteazkenean, Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko Udalekoak.