udal eta foru hauteskundeak

EAJk Markel Olano izendatu du berriro Gipuzkoako ahaldungai nagusi

Eneko Goia Donostiako alkategai hautatu du berriz ere, eta herrialdeko beste 24 alkategai ere aukeratu ditu. Bere kudeaketa modua aldarrikatu du EAJk, Kursaalean egindako ekitaldi batean.

Gipuzkoako EAJren hautagaiak, Andoni Ortuzar, Joseba Egibar eta beste kargu batzuk, gaur, Donostian, Kursaalen.
enekoitz esnaola
2018ko ekainaren 16a
12:01
Entzun

Gipuzkoako kargu instituzional nagusietan, duela hiru urteko apustuarekin segituko du EAJk urtebete barruko udal eta foru hauteskundeetan: Markel Olano izendatu du herrialdeko ahaldungai nagusi, eta Eneko Goia Donostiako alkategai. Biak dira, 2015etik, diputatu nagusia eta hiriburuko alkatea.

Donostian egin du EAJk herrialdeko batzarra, Olano, Goia eta beste 24 alkategai aukeratzeko, eta ondoren Kursaalean ekitaldia egin dute. Joseba Egibar GBBko presidenteak hautagaiei herritarrekiko "gertu" egoten jarraitzeko eskatu die. "Herria maitatzeaz gain, herria ezagutu egin behar da, eta herritar guztiak errespetatu. Zuek [hautagaiak] balio erantsia zarete. Politika hori egiteko gertutasuna ezinbestekoa da".

Andoni Ortuzar EBBko buruak Gipuzkoako egoera aldatu izana nabarmendu du: "Inposizioa, elkarrizketa eza eta ezkortasuna alde batera utzi, eta hiru urtera bestelako Gipuzkoa errealitate bihurtu duzue. Zorionak eta eskerrik asko".

Olanoren arabera, duela hiru urte, Bilduren lau urteko legealdiaren ondoren –ez du aipatu Bildu– Gipuzkoa "blokeo" egoera batean zegoen, "aurrera atera ezinda" azpiegiturak-eta, eta uste du EAJk erdietsi duela "desblokeoa". Lau ardatz nabarmendu ditu euren kudeaketatik: errepideetako gestioa, hondakinen eztabaida bideratzea, lehiakortasun ekonomikoa eta Pasaiako badiaren biziberritzea. Halaber, esan du "berdintasuna" izango duela berriz ere apustu nagusietakoa: arlo sozialean, hizkuntzan, generoan... Bereziki aipatu du Gipuzkoa euskaldun baten aldeko apustua. 

Goiak adierazi du "hiria berriro martxan" jartzea lortu dutela.

Gipuzkoako EAJk oraindik aukeratzeko ditu hainbat alkategai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.