Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

EAJk murrizketak egingo dituen beldur da PSE

Basagoitik dio euren burua «euskaldun eta espainiartzat» dutenen lehenengo aukera PP dela

Erredakzioa
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
EAJk Kataluniaren «bidea» hartu eta «murrizketak» ezartzearen beldur da PSE-EE. Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak uste du krisialditik ateratzeko moduak badaudela inolako murrizketarik egin gabe, eta, besteak beste, zerga politika erreformatzea proposatu du. Ordea, kritikatu du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak ez duela argitu alor horretan zer proposatzen duen: «Urkulluk Raxoirekin eta batez ere, Artur Masekin duen sintonia handia da, eta beldur naiz ez ote duen hark ere hartuko katalanek ongi ezagutzen duten bidea».

Bestalde, independentziari buruzko eztabaidan sartzeko asmorik ez du Pastorrek, uste duelako gai hori «benetan garrantzia duten gaiak estaltzeko» erabiltzen dela. Haren aburuz, estatu federala da eredurik egokiena, autonomiak eta nazionalitate ezberdinak aintzat hartzen dituelako.

Pastorrek ez bezala, Txelui Morenok heldu zion subiranotasunaren gaiari. Ezker abertzaleko bozeramaile nafarrak argitzeko eskatu zion atzo Urkulluri jeltzaleak «euskal nazio subjektuaz» ari direnean Euskal Autonomia Erkidegoaz soilik ari diren edo ez.

EAEko PPko lehendakarigai Antonio Basagoitik, berriz, ziurtatu du gaur-gaurkoz PP dela abertzaleak ez direnen lehenego aukera. «Inkestek diote PPk jadanik PSE-EE harrapatu duela boto asmoan, eta euren burua euskaldun eta espainiartzat duen gehiengo isilak PPren aldeko hautua egin du». Uste du «normala» dela PP izatea abertzale ez direnen aukera, «herritarrek badakitelako zer dagoen jokoan, eta ez dira murrizketak, Kataluniako eta Euskadiko abertzaleek nahi duten independentzia baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.